Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

«Atarian», maitasunez bustitako Maixa Zugastiren thrillerra

Oindordekotza-gatazka baten ondorioz, Leandro zaharren egoitzara bidali du familiak, bere borondatearen kontra. Bertan Juan eta Paularekin egingo du topo, thriller zantzuak dituen istorio hau maitasun mota desberdinez zipriztinduz.

Bizitzaren atarian topo egin duten hiru pertsonaiaren istorioa kontatzen du Maixa Zugastiren “Atarian” eleberriak, idatzi duen hirugarrenak. Familian agertu ohi diren gai ez hain atseginak daude tramaren muinean; oinordekotza, dirua, boterea… baina elementurik garrantzitsuena maitasuna da.

Hiru ahotsek kontatzen dute istorioa, Juan, Leandro eta Paula baitira protagonistak. Lehen biak adinekoak dira; azkenak, berriz, nerabezaroa hasi berri du. Leandro oinordekotza kontuengatik bere borondatearen kontra zaharren egoitzara eraman dute, eta orduan hasten da thriller zantzuak dituen sei eguneko pasadizoa. Bertan Juan eta Paularekin topo egingo du. Pasartez pasarte, narratzaileak txandakatu egiten dira, katebegiak izango balira bezala.

Zugastik atzoko aurkezpenean azaldu zuenez, eleberriaren lehen zirriborroa 2020an bidali zuen argitaletxera, itxialdiaren hasieran. Berarentzat garrantzitsua da datu hori azpimarratzea, pandemian zehar agerian gelditu delako zaharren egoitzek bizi duten egoera zaila, eta liburuan horri buruz mintzatzea kasualitatea izan delako.

Elementu nagusiak

Zaharren egoitzek nolabaiteko presentzia izan dute Zugastiren bizitzan. Haurra zela, Tolosako egoitza baten aurretik pasatzen zen egunero, eta gerora, lanean hasi zenean, lantokiaren parean beste egoitza bat zuen. Era berean, berarentzat “atari” hitzak duen garrantzia azpimarratu nahi zuen. «Duela urte batzuk gure baserria hutsik gelditu zen eta nik ezagutzen nuen mundu hori desagertu egin zen. Ataria etxearen eta baserriaren artean dagoen eremua da. Oso berezia zen niretzat, bertan igarotzen zutelako denbora emakumeek eta zaharrek. Ni panpinarekin jolasten nintzen, eta bertan ikasi nuen josten, helduen kontuak entzuten. Amak atarira bidaltzen gintuen jolastera», kontatu zuen buruan zuen argazki bat deskribatzen ari balitz bezala.

Bestalde, gaizkilearen gaia erabili du, aurreko eleberrietan bezalaxe. «Diote bizitzan 60 psikopata ezagutuko ditugula. Nik bizpahiru gizon psikopata eta horrenbeste emakume ezagutu ditut, eta urrun nahi ditut», esan zuen barrez.

Elementu horiek guztiak elkartuz sortu du “Atarian” thrillerra, non maitasunak berebiziko garrantzia duen. Hiru protagonistek maitasuna sentituko dute, bakoitzak modu desberdinean, beren egoera eta adina desberdinak direlako. «Bizitzan gauza asko daude, baina maitasunak pisu handia du, baita zahartzaroan ere», adierazi zuen idazleak, eta gogoratu zuen lanean ari zela pareko egoitzan emakume bat ehuntzen ikusi ohi zuela. «Maitasuna modu askotan bizi daiteke. Adiskidetasuna ere izan daiteke, edo gustuko dugun zerbait. Bizitza maitatu behar duzu bizitzen jarraitu ahal izateko», azpimarratu zuen.