Dabid LAZKANOITURBURU

Taiwanen independentzia eragozteko «muturreraino» joateko prest dago Txina

«Egin beharreko guztia» egingo du Txinak Taiwanen independentzia ekiditeko. Hori erantzun die AEBen salaketei, eta, bestetik, Australiarekin hiru urtetan lehenengoz bildu da.

Wei Fenghe, Txinako Defentsa ministroa.
Wei Fenghe, Txinako Defentsa ministroa. (Roslan RAHMAN | AFP)

«Kosta ahala kosta amaieraraino borrokatuko gara» Taiwanen independentzia ekiditeko; hori ohartarazi du Wei Fenghe Txinako Defentsa ministroak “Shangri-La-ko Elkarrizketa” Segurtasun foroan, Singapurren. «Hori da gure aukera bakarra».

«Txina zatitzea helburu, Taiwanen independentzia bultzatzen dutenek ez dute lortuko. Inork ez luke gutxietsi behar Txinako indar armatuek lurraldetasuna babesteko duten kemena eta indarra», aldarrikatu du Weik Pentagonoko arduradunari erantzunez.

Bezperan, Lloyd Austin AEBetako Defentsa ministroak kritikatu zuen Txinak Taiwanekiko duen jarrera eta ekintza «probokatzaile eta ezegonkortzaileak» egitea.

Weik, berriz, Washingtoni eskatu dio Txina iraintzeari eta geldiarazteari utz diezaiola, eta Txinaren barne arazoetan sartzeari eta Txinaren interesak oztopatzeari utz diezaiola.

Txinako Defentsa ministroak gogor kritikatu ditu AEBek eskualdean hainbat aliaturekin sinatu dituen itun militarrak; Quad eta Aukus itunak alegia.

«Hor ari da klub txiki eta esklusiboak osatzen, Indopazifiko aske eta zabalaren izenean, baina betiere gure eskualdeko herrialdeak bahitzeko eta helburu zehatz batekin», salatu du, helburua Txina bera dela esan gabe.

Hala ere, larunbatean Austinek bezala, Weik hitz samurragoak ere izan ditu, eta Txinaren eta AEBen arteko harreman egonkorraren alde azaldu da; «munduan bakea bermatzeko ezinbestekoa delako», onartu du.

Bide batez, eta, Taiwanekin batasuna lortzeak Txinarentzat berebiziko garrantzia duela esan duen arren, bere nahia hori «era baketsuan» gauzatzea dela onartu du.

Bezperan Austinek berretsi zuen AEBak «Txina bakarraren alde» daudela, eta aspaldiko «anbiguotasun estrategikoa» aldarrikatu zuen; hots, ez luketela esku hartuko, Txinak Taiwani erasotzea erabakiko balu.

Joe Biden AEBetako presidenteak, duela hilabete, ustezko inbasio hori gauzatuko balitz erantzun egingo lukeela esanda hautsak harrotu zituen.

Horrela, bada, eta bi aldeek hitz potoloak erabili badituzte ere, diplomazia gailendu da goi-bilerako hitzaldietan eta, batez ere, pasilloetan.

Australiarekin goi bilera.

Austinekin aurreikusitakoa baino ordu erdi gehiago elkartzeaz gain, Wei Australiako Defentsa ministro Richard Marles-ekin bildu da, 2020. urtetik lehen aldiz.

Dudarik gabe, pandemiak izan du eraginik elkar ez ikuste horretan, baina egia da ere azken bi urteetan Txinaren eta Australiaren arteko harremanak asko gaiztotu direla. Izan ere, Canberrak AEBekin parte hartzen du Aukus eta Quad itun militarretan, eta horrek ez dio inolako graziarik egiten Pekini.

Australiako Defentsa ministroaren esanetan, bilera «egiazalea eta osoa izan da», bakoitzak buruan zuena askatasunez esan duela iradoki nahian. «Australiaren eta Txinaren arteko harremana oso konplexua da eta horregatik bildu gara», gaineratu du Richard Marlesek.

Australiak debekatu egin zien Huawei eta ZTE enpresa txinatarrei herrialdeko 5G sarean parte hartzea, Txinaren ustezko espioitza salatu ondoren.

Ekialdeko Txinako Itsasoan liskarrak izan dira hegazkin militarren artean eta Australiak covidaren jatorria ikertzeko eskaera egiteak erabat haserrearazi zuen Pekin.