Jon ORMAZABAL
PILOTA

Jokin Altuna 29an itzuliko da Mungian

Jokin Altunak erabat osatu nahi du.
Jokin Altunak erabat osatu nahi du. (Aritz LOIOLA FOKU)

Azkeneko hiru urteetan ia atsedenik hartu gabe egon ostean, Jokin Altunak ez du inolako presarik kantxetara itzultzeko, ez behintzat ezker esku hori erabat osatu arte, eta, Aspek jakitera eman duenez, amezketarra ekainaren 29an itzuliko da kantxetara, Mungian, sanferminetako lau eta erdiko bere enpresaren finalerdia jokatzeko, Peio Etxeberriaren aurka.

«Orbaintzea oso ondo doa eta orain eskuak gogortzea dagokit. Gainera, orain entrenamendu onak egin nahi ditut, kantxara berme guztiekin irteteko», azaldu zuen amezketarrak bere enpresaren webean jasotako adierazpen batzuetan.

Hasiera batean, Asperen asmoa Jokin Altuna aste honetan itzultzea zen, ostiralean Urrestillan antolatutako jaialdian, baina goizegi iritzita, Eibarren San Joan egunez itzultzea adostu zuten. Alabaina, Eibarrerako ere ez du bere burua erabat osatuta ikusten amezketarrak -hatz erakuslean izandako ebakuntzaz harago, eskuko minekin ere ibili da azkenaldian- eta itzulera beste bost egunez atzeratzea adostu dute.

Horrek guztiak lehenago ere aukeraren bat merezi zuen Dario errioxarrari lehen mailako partidetan aritzeko ateak zabalduko dizkio. Berak ordezkatuko du amezketarra Bizkaia txapelketan binakako partidan eta Eibarko sanjoanetako estelarrean ere Ezkaraikoa arituko da, Zabaletarekin bikotea osatuz, Irribarria-Martijaren aurka jokatzeko.

ARTOLAK, TENDINITISA.

Iñaki Artolak ere geldirik egon beharko du zenbait egunetan, Gasteizen egindako mediku probek belaunean tendinitisa duela, burtsitisarekin, berretsi baitzuten. Alegiako aurrelariak fisioterapia tratamendua hasiko du, baina gustura egoteko moduan da, larunbatean Gallartan susto handi samarra hartu baitzuen, Peñaren aurkako partidan irristatu eta belauna okertu ostean. Partida normal antzean amaituta, ia ziurra zen ezer larririk ez zuela izango, baina baieztatzeak beti ematen du lasaitua.