Jon ORMAZABAL
PILOTA

Datorkionaren berri eman zion Jon Mariezkurrenak Unai Laso txapeldunari

Aulkitxotik atzo estreinatu zuen gerriko eta elastiko gorria janzten bere aletxoa jarri ondoren, Jon Mariezkurrenak aurretik daukan urtea erraza izango ez dela berretsi zion Zierbenan Unai Lasori, Mikel Urrutikoetxea eraginkor batek lagunduta, Buruz Buruko txapeldun gisa jokatu zuen lehen partidan Bizkarreta-Gerendiaingoari eta Ander Imazi 22-13 gailenduta. Gainera, lehen partidan Jon Ander Peñak Asier Agirre 18-1 egurtu zuenez, Anboto taldea abuztuan jokatuko den Bizkaia Torneoko finalean izango da. Bakaikoak lortu zuen Solluberen puntu bakarra (18-7 Alberdiri).

Kantxan irabazi du Ander Imazek gaur egungo enpresaren erreferentzia nagusia izatea eta horrek gauza on asko ditu, esaterako, bihar kontratu berria sinatzeko bilera du Bilbon enpresarekin; baina kalteak ere badakartza, esaterako, orain atzean aldeak ematea tokatuko zaiola. Lagun handiak izanik, egungo Buruz Buruko txapeldunak eta Jon Mariezkurrenak gustura jokatuko lukete elkarrekin, baina Berriozarreko atzelariak gaur egun duen mailarekin, nekez jarriko dituzte batera.