Andoni ARABAOLAZA
PROTAGONISTA

Kirol eskaladan zein boulderrean, urrats handiak egiten ari da Michaela Kiersch

Emakumezko eskalatzaile guztien artean, iaz, estatubatuar hau 9a mailako bide bat eta blokean 8b+ egiteko gai izan zen. Orain, berriz, Suitzako Magic Wood-en 8b+ zailtasuneko bi korapilo sinatu ditu.

Nahiz eta oraindik oso ezaguna ez den, Michaela Kiersch-ek lehen lerroan egoteko zirrikitua aurkitu du. Eskalatzaile estatubatuarra lehietan izena hartzen hasi zen 15 urterekin. Boulderreko Munduko Kopan hogeigarren postuan sailkatu zen. Urtebete beranduago, Zailtasuneko Munduko Kopan hemezortzigarren postua sinatu zuen. Hortik aurrera, eskalada lehietan ez zuen “maila” handia eman, eta erabaki zuen arrokan estutzea. Hots, kirol eskaladan zein blokean.

21 urte bete bezain pronto, kirol eskaladan 8c eta 8c+ mailara igo zen. Egun, 28 urte ditu, eta onartu behar zaio zailtasun handiko makina bat marra kateatu dituela; zehazki esanda, iaz arte 8c+ mailako bederatzi eta 9a bat. Azken hori “Dreamcatcher” izan zen. Soilik bost eguneko ekinaldiak behar izan zituen. Boulderrean, berriz, 8b+ erdietsi zuen.

Jarduera horiei esker, Kierschek nolabaiteko “doktoretza” erdietsi zuen iaz. Munduko neska bakarra izan zen kirol eskaladan 9a eta blokean 8b+ egiten. Arestian aipatu dugunez, lehiak alde batera utzi eta arrokan buru-belarri dabil.

«Gaztetan hainbat garaipen eta postu onak lortu ditut, baina lehiatzeko grina hori pixkaka apaltzen joan zen. Aurreratu behar dut arroka dela nire benetako pasioa. 17 urte nituela, Red Rive Gorgen ‘Omaha Beach’ (8b+) igo nuen. Horrek egundoko motibazioa eman zidan; izan ere, txikitatik bide horrekin amets egiten nuen. Urteen poderioz, nire ibilbidean gorabeherak izan dira. Unibertsitateko ikasketek, adibidez, asko mugatu zituzten nire eskaladak. Baina orain erabat buru-belarri nabil, eta horregatik kirol eskaladan zein boulderrean asko hobetu dut. Zaila dirudien arren, bi diziplina horietan ondo moldatzen naiz; hau da, bietan ala bietan espezialista naiz&csMarker;», adierazi du Michaela Kiersch eskalatzaile estatubatuarrak.

BESTE ESKALATZAILE ESTATUBATUARRA

bikain erakusten ari da sasoiko dagoela. Azken asteotan, adibidez, soka alde batera utzi eta blokean topera ibili da. Hain zuzen ere, Suitzan sona handia duen Magic Wood izeneko eremuan. Bidaia horrek uzta oparoa eman dio. Suitzara iritsi bezain laster, Kierschek 8b mailako bi bloke sinatu zituen: “Steppenwolf” eta “The riverbeb”. Gainera bi korapilo horiek askatu ahal izateko, soilik lau ekinaldi behar izan ditu.

Protagonista hau ezagututa, argi eta garbi zegoen orain arte lortu duen maila gorena izango zuela helburu. Urrats bat egin eta zailtasun horretan oso klasikoa den “New base line” egin berri du. 8b+ mailako bere bigarren blokea da; iazko udazkenean “Hailstorm” (Utah, AEB) izan zen lehena.

“New base line”-ri buruz honako hausnarketa egin du: «Lan guztiak bukatu nituenean, ezin nuen sinetsi egin nuen lorpena. Amets bat zen. Egun bateko ekinaldietan mugimendu guztiak egin nituen, eta hurrengo hiruretan pauso guztiak lotu nituen. Bloke gogorra da, eta azken mugimenduan pare bat aldiz erori nintzen».

Bernd Zanger suitzarrak asmatutako eta askatutako bloke hori emakumezkoen artean oso erakargarria da, batez ere 8b+ mailan sartzeko. Bloke hori aukeratu zutenen artean, honakoak daude: Shauna Coxsey, Anna Sthor, Alex Puccio, Marine Thevenet, Katie Lamb eta Kiersch bera.

Suitzako bidaia amaitu aurretik, eskalatzaile estatubatuarrak 8b+ mailako beste bloke bat patrikara eraman zuen: “Tigris sit”. Gainera, boulder horren lehen igoera femeninoa lortu du: «Suitzara oso sasoiko iritsi nintzen, baina 8b+ mailako bi bloke horiek egitea ezusteko handia izan da. Azken honentzat soilik lau eguneko saioak behar izan ditut».