Manex ALTUNA
EUSKAL SELEKZIOA

Desadostasunak Federazioan ofizialtasunerako bidean

Euskadiko Futbol Federazioko hiru kidek ohar bat kaleratu dute Kirola Arbitratzeko Epaitegian helegitea aurkezteari uko egitea ez zaiela ondo iruditzen esateko. Euren ustez, ofizialtasunaren gaia «hauspotzen jarraitzeko» aukera bat galdu da.

Gizonezkoen euskal selekzioa, Venezuelaren kontra Mendizorrotzan jokatutako partidan.
Gizonezkoen euskal selekzioa, Venezuelaren kontra Mendizorrotzan jokatutako partidan. (Endika PORTILLO FOKU)

Joxe Mari Artolak, Mikel Azkunek eta Beñat Larrañagak komunikabideetara igorritako gutun batean agertu dute ez daudela ados UEFAk eta FIFAk ofizial izateko eskariari ezetz esan ondoren Euskadiko Futbol Federazioak emandako pausoekin. Zuzendaritzako kide diren heinean, argi uzten dute egindako «kudeaketa» ez dela «egokia» izan.

Gogorarazten duten bezala, Euskadiko Futbol Federazioak ofizialtasun eskaera aurkeztu zuen UEFAren eta FIFAren aurrean 2020ko abenduan. Aurreko presidente Luis Mari Elustondok egin zuen eskaria, baina hilabete batzuk beranduago, otsail amaieran hain zuzen ere, hauteskundeak egin ziren eta Javier Landetak ordezkatu zuen. Artola, Azkune eta Larrañaga Zuzendaritza Batza berri horretako kideak dira, baita Gipuzkoako Futbol Federazioan ordezkari ere. Landetaren hautagaitzan beste bi herrialdeetako ordezkariak ere badaude eta ofizialtasunaren bidean pausoak ematen jarraitzearen alde agertu ziren.

2021eko udan eman zuten ezezkoa UEFAk eta FIFAk baina, oharrean aipatzen dutenez, irailaren erdialdera arte federazioak ez zuen bilerarik egin. Hilabete beranduago, zerbitzu juridikoek aholkatuta, idazki bat aurkeztu zuten ofizialtasunaren gaia UEFAko eta FIFAko kongresuetan azter zedila eskatuz.

EPEA AGORTUTA.

2022ko urtarrilean iritsi zen UEFAren ezezko erantzuna, eta otsailean, FIFArena. Azaltzen dutenez, martxoan Zuzendaritza Batzordean Kirola Arbitratzeko Epaitegira jotzearen inguruan bozkatzekotan egon ziren, baina ez zen erabakirik hartu. Javier Landeta presidenteak, aldiz, maiatzean Eusko Legebiltzarrean egindako agerraldian helegitea ez aurkezteko erabakia «birritan aho batez» onartu zela esan zuen.

Artolak, Azkunek eta Larrañagak beren «harridura eta haserrea» agertzen dute, hitz horiekin. Argi diote ez 2021eko urrian ez 2022ko martxoan ez zela inolako bozketarik egin eta, gainera, «ez genukeen inolako erabaki ahalmenik izango». Kirola Arbitratzeko Epaitegira joateko epea 10-15 egunekoa da eta, zehazten dutenez, urrian abokatuen txostena aurkeztu zitzaienerako, 40 egunetik gora igaroak ziren. Martxoan, berriz, 27 eta 36 egun igarota zeuden.

Euskadiko Futbol Federazioan azalpenak eskatu zituzten ekain hasieran egindako batzarrean, eta Gasteizko Legebiltzarrean eginiko adierazpenak publikoki zuzentzeko eskatu zioten Landetari. Jaramonik egin ez dietenez, oharra kaleratzea erabaki dute, Durangoko Landako Gunean egingo den batzarraren aurretik. “Gu ere bai!” egitasmoak ere agerraldia egingo du bertan, Landetaren zuzendaritzari hartutako erabakiak azaltzeko eskatzeko.

Zuzendaritzako hiru kide kritikoek Kirola Arbitratzeko Epaitegiaren aurrean helegitea aurkeztearen alde bozkatuko zutela diote, nahiz eta Landetak bide hori alferrikakoa zela argudiatu. Halaber, Euskadiko Futbol Federazioko Zuzendaritza Batzordean ez dela iritzi «bateraturik» egon diote. Ofizialtasunaren gaia «hauspotzen» jarraitzeko aukera bat «galdu» dela uste dute, baina prest agertzen dira «elkarlana» berreskuratu eta aurrera begiratuz lan egiteko.