Jon ORMAZABAL
PILOTA

Morgaetxebarriak badaki zer datorkion

Morgaetxebarriak ezin izan zuen irabazi.
Morgaetxebarriak ezin izan zuen irabazi. (O. MATXIN FOKU)

Zapore gazi-gozoa utziko zion Aimar Morgaetxebarriari pilotari guztientzat horren berezia den debutaren egunak. Gozoa Karmen egunean -bere aurreko azken pilotari zornotzarrak, Iñaki Izak, baino 15 urte geroago- pilotalekua beteta eta giro ezin hobean egin zuelako, eta gazia kantxan nahi baino gutxiago gozatu ahal izan zuelako. Mikel Urrutikoetxea aitabitxitzat, 22-13 galdu zuten bizkaitarrek Erik Jaka eta Iker Elizegi gipuzkoarren aurka.

Egia da pilotaria bera izaten dela debutaren eguneko emaitzaz gehien oroitzen dena, bai behintzat 22ra heltzea lortu ote zuen, baina emaitzaz harago, hurrengo hilabete eta, zorterik badu, urte luzeetan datorkiona bertatik bertara ezagutzeko aukera izan zuen zornotzarrak.

Estreinako partida orekatu antzean hasi zen Aimar Morgaetxebarriarentzat, baina laster ohartu zen debuterako izan zezakeen aurkaririk makurrenetako bat jarri ziola enpresak. Izan ere, tantoak amaitzeko orduan gutxi dira gaur egun Erik Jaka baino eraginkorragoak eta atzo, gainera, egun inspiratua izan zuen lizartzarrak, aukera zuen bakoitzean tantoa amaitzeko sekulako dohainak erakutsiz.

Eta hortxe sufritu zuen gehien profesional berriak, aurkako aurrelariari pilota kentzen asmatu ez zuen bakoitzean, gupidarik gabe zigortu baitzuen Erik Jakak.

Parean ere atzelari zimela jarri zioten zornotzarrari lehen egunerako. Iker Elizegik ez du beste batzuek izan dezaketen sonarik, baina Morgaetxebarriari berari eman beharko zaion maila berrira egokitzeko denbora igarota, bere jokoan gorakada izugarria izaten ari da asteasuarra azken hilabeteetan. Atzo bizi ibili zuen pilota, gehienean bizkarra erakutsi zion etxean aritu zen debutariari eta hori guztia apenas akatsik egin gabe.

Hemendik aurrera beste era bateko partidak jokatzea egokituko zaio Morgaetxebarriari, uda sasoi ederra da aurten horren partida gutxi jokatu dituen pilotari batek erritmoa har dezan eta ikasketa prozesu zail honetan zorte apurrik badu, kantxan askoz gehiago disfrutatzeko egunak izango ditu, ziur.

BARAKALDO

Gaurko eskuzko jaialdia Barakaldon jokatuko da. Masterseko lehen jardunaldiko partida izango dute eta bertako Barakaldes pilotalekuan Erik Jaka-Zabaletak eta Altuna-Imazek. Printzipioz, partida orekatua eta interesgarria espero izateko osagaiak ditu.