Imanol CARRILLO
ARRAUNA

Oriok eta Donostiarrak txikizioa eragin dute Zierbenako olatuekin

Mirotzek asteburua biribildu zuten, sailkapen nagusian kolpe handia emanda eta bi puntuko aldea ateraz Arran Lagunak-i. Donostiarrak, aldiz, olatu ona hartu, erakustaldia eskaini, aurkari guztiak urrundu eta garaipena lortu zuen atzo.

Arkaitz Diaz Donostiarra traineruko patroia Petronor Banderarekin.
Arkaitz Diaz Donostiarra traineruko patroia Petronor Banderarekin. (Aritz LOIOLA I FOKU)

Zierbenako haizeak eta olatuek txikizioa egin zuten atzo Eusko Label Ligan. Garaipena Donostiarrak eraman zuen, bigarren luzean hartutako olatu bikain bati esker aldeak handituz eta ondoren gozatuz. Euskotren Ligan, datorren asteburuan atseden hartu baino lehen, Orio izan zen nagusitasuna erakutsi zuena asteburua biribildu eta lidergoa are gehiago sendotzeko.

DONOSTIARRA, OLATU GAINEAN SURF EGITEN.

Donostiarrak urteko bigarren garaipena erdietsi zuen. Eta nola gainera! Olatu ona hartu, aurkariak aldendu zituen ziztu-bizian eta gozatzen amaitu zuen.

Sendo hasi zen ohorezko txanda. Getariak lehen txandan lortutako denbora zuten denek erreferentziatzat, bigarrenekoek ezin izan baitzuten hobetu. Eta pentsa, lehen biraketan dagoeneko denbora hobetu zuten Ligako onenek.

Bigarren luze horren hasieran Donostiarrak surf egin zuen olatu gainean. Estropada txikitu zuten momentu horretan eta horrek indarra eman zien. Misterio handiegirik gabe, 18 segundo atera zioten “Ama Guadalupekoa”-ri, 22 Oriori eta 30 Urdaibairi.

Lehen txandan, badirudi larunbateko gertakariak Galiziako bi traineruei eragin ziela bete-betean -abordatzea egon zen bien artean eta deskalifikatu egin zituzten-. Izan ere, txandako azken bi traineruak izan ziren Ares eta Cabo.

Getariak eta Santurtzik lehia polita izan zuten. Hirugarren ziabogan, gipuzkoarren taldeko harrobiko 12 arraunlariek ikusi zuten nola “Sotera”-k lehenengo egin zuen maniobra, beraien denbora berean. Baina amets bat izan zen Getariako “Esperantza”-ren aurrean, azken luzean gipuzkoarrek hegan egin baitzuten olatu gainean, eta txandako irabazleak izan ziren.

Bigarren txandako traineruek iragarrita zegoen haize aldaketa nabaritu zuten eta ezin izan zituzten markak hobetu. Nabarmentzekoa da Kaikuk sekulako azken luzea egin zuela, atzetik aurrera eginda, eta azkenean Zierbenako estropadako seigarren izan zen, hain juxtu, Getariaren atzetik.

EUSKOTREN LIGA: ORIO NAGUSI ETA LIDER SENDOA.

Oriok moralki eta psikologikoki garrantzitsua izan daitekeen kolpea jo du asteburuan. Atzo, hasi eta berehala traineru bateko aldea ateratzen zien lehiakideei. Lehenengo ziabogan 5 segundoko aldea zuen Arraun Lagunak-ekiko, 8 Donostiarrarekiko eta 10 Tolosaldearekiko. Hor amaitu ziren besteen aukera guztiak, mirotzek hegan egin baitzuten.