GARA
DONOSTIA

Beste hamaika preso lekualdatuko dituzte Hego Euskal Herriko kartzeletara

Espainiako Espetxe Zuzendaritzak atzo iragarri zuenez, hamaika preso Euskal Herriratuko dituzte: horietako bederatzi EAEko kartzeletara eta beste bi, Iruñeko espetxera.

Arrasaten egindako protesta baten irudia.
Arrasaten egindako protesta baten irudia. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Espainiako Espetxe Zuzendaritzak atzo iragarri zuenez, hamaika preso Euskal Herriratuko dituzte datozen egunetan. Bederatzi EAEko kartzeletara eramango dituzte eta beste bi, Iruñeko espetxera. Azken horiek dira Juan Ramon Karasatorre, gaur egun El Dueson dagoen presoa, eta Luis Mariñelarena, Dueñasen dagoena.

Ohar baten bitartez, Espainiako Barne Ministerioak adierazi zuen Lakuarekin lanean ari dela bederatzi presoen lekualdatzea martxan jartzeko. Izan ere, espetxeen kudeaketa Gasteizko Gobernuaren eskumena denez, Lakuak erabakiko du Araba, Bizkai edo Gipuzkoako zein kartzelatara joango den preso bakoitza.

Horrela, ondoko presoak EAEko Zaballa, Basauri eta Martuteneko espetxeetara lekualdatuko dituzte datozen egunetan: Ibai Aiensa, Lorenzo Aiestaran, Ainhoa Garcia, Eneko Goieaskoetxea, Juan Carlos Iglesias, Xabier Makazaga, Ainhoa Mujika, Jon Olarra eta Gorka Palacios.

Aiensa, Mujika eta Olarra Logroñoko espetxean daude preso; Goieaskoetxea eta Makazaga Santoñako El Dueso espetxean daude; Aiestaran Soriako kartzelan dago; Garcia Asturiasen espetxeratuta dago; Iglesias Dueñasen eta Palacios Estremeran, Madrilen.

Urrunen daudenak

Estremeran oraindik ere beste bi euskal preso daude: Irantzu Gallastegi eta Xabier Garcia. Hauek dira, espainiar Estatuan dauden kartzelei dagokienez, Euskal Herritik urrunen dauden presoak, 520 kilometrora baitaude.

Frantziar Estatuan hiru preso daude urrunen: Ainhoa Ozaeta eta Iratxe Sorzabal, Reau Sud Francillenen (925 kilometrora), eta Itziar Moreno, Renneseko kartzelan (795 kilometrora).