Imanol CARRILLO
ARRAUNA

Hondarribiak garaipena eta Eusko Label Ligako lidergoa eskuratu ditu Sestaon

«Ama Guadalupekoa» 580 metroren faltan jarri da buruan eta, lehen kalera joan den bitartean, Urdaibai laugarrenera abiatu da. Azken unera arte ez da garailea erabaki. Donostiarra hirugarren izan da eta hondarribiarrekin berdinduta dago 76 punturekin.

Hondarribiako arraunlariak, arraunak gora, Sestaon irabazi berritan.
Hondarribiako arraunlariak, arraunak gora, Sestaon irabazi berritan. (Oskar MATXIN FOKU)

Eusko Label Ligak lider berria du Sestaon jokatutako estropadaren ostean. Hondarribiak sailkapen nagusiko lehen postua kendu dio Donostiarrari, atzo hirugarren, nahiz eta puntu berdinak (76) eta garaipen berberak (2) izan bi taldeek. Gaur Santurtzin jokatuko den probatik lidergoan nor irtengo den ikusi beharko da.

Lidergoa eskuratzeko, hori bai, Hondarribiak borroka gogorra izan zuen atzo Urdaibairekin. Pentsa, 580 metroren faltan jarri zen estropadaren buruan eta, lehen kalera joan zen bitartean, Urdaibai laugarrenenera abiatu zen. Emozioa azken unera arte mantendu zen, baina berdeak aurretik helmugaratu ziren.

Hirugarren kalea ondo etorri zitzaion Urdaibairi. Lehen ziabogan azkarrena izan zen, aurreko txandan Kaikuk egindako denbora segundo bakar bategatik hobetuz. Atzetik Hondarribia zen bi segundo eskasera, Donostiarra hirura eta Orio seira. Baina bigarren luzean “Ama Guadalupekoa” ontziak, bigarren kaletik, aurrea hartu zien Bermeokoei zenbait momentutan, eta bien arteko lehia benetan bizia izan zen amaiera arte.

ZIERBENA BI EHUNENEKO ALDEAZ KAIKUREN AURRETIK.

Emozioz beteriko amaiera bizi izan zen bigarren txandan ere. Bertan, Zierbenaren eta Kaikuren arteko lehia polita ikusi zen. Lehenek txanda bi ehuneneko aldearekin irabaztea lortu zuten azken luzean egindako esfortzuari esker. Eta hori ez zen izan gertatutako gauza aipagarri bakarra. Izan ere, hasi eta berehala Zierbena eta Getaria asko gerturatu ziren elkarren artean lehen eta bigarren kaleetan. Uretako epaileak adi-adi egon behar izan zuen, baita hirugarren luzean zehar ere. Bi kasutan azkenean ez zen ezertxo ere gertatu.

CABO NAGUSI LEHEN TXANDAN.

Aurreko larunbatean Aresekin izandako abordatzea ahaztu eta goraka joan nahi duela erakutsi zuen atzo Cabok -bi talde galiziarrak punturik gabe geratu ziren-. Lehen ziabogatik nabarmendu zen Cabo eta azkenean zazpigarren postua lortu zuen. Ondarroak sufritzen jarraitu beharko du.