Jon ORMAZABAL
PILOTA

Danel Elezkanok ez du Bilboko Aste Nagusiko zitara hutsik egingo

Zabaletarekin arituko da eta Altuna-Martijaren aurka jokatuko dute Aspeko finalerdia. Baikokoan Laso-Mariezkurrena eta Urrutikoetxea-Albisu ariko dira.

Laso eta Mariezkurrena elkarrekin ariko dira.
Laso eta Mariezkurrena elkarrekin ariko dira. (Marisol RAMIREZ FOKU)

Enpresek izartzat ez dituzten pilotarientzat oso garesti daude aukerak, baita aurtengo udan ere, eta etxetik gertu aritzeak behintzat ate bat ireki dio Danel Elezkanori aurtengo Bilboko Aste Nagusiko torneoan. Udako Mastersetik eta orain arte aurkeztutako hiriburuetako ferietatik at -badirudi Iker Irribarriak aurrea hartu diola azken hilabeteotan partida eta torneo handietan aritzeko lehian-, abuztuaren 24tik 27ra Bizkaia pilotalekuan jokatuko den ferian aritzeko aukera eman dio Aspek Zaratamokoari, Jose Javier Zabaleta atzelari duela. Etxarrengo pilotariarekin Bilboko torneoan aritzea ez da ezer berria bizkaitarrentzat, harekin jokatu eta irabazi baitzuen Asegarce utzi eta Asperekin jokatu zuen lehen torneoa 2016an. 2018an ere txapeldun irten ziren elkarrekin eta Bilbon bertan irabazi zuten 2021eko Binakako Txapelketa Nagusiko finala. «Pozik nago halako torneo bat halako pilotariekin jokatuta. Ea torneo on bat jokatzeko moduan gauden», esan zuen.

Ohikoa duen eran, hitz bat bestea baino altuago esan gabe onartu du Elezkanok uda honetan tokatzen ari zaion papera. «Partida desberdinak jokatzen ari naiz, beste urte batzuetan halako torneo gehiago jokatzea tokatu izan zait eta, bueno, tokatzen dena jokatu behar. Argi dago ahalik eta hobekien egiten saiatuko naizela, orain arte egin izan dudan moduan», adierazi zuen.

Elezkanok ez du bere burua aldarrikatu beharrik ikusten eta, hortaz, ez du presio berezirik sentituko Bilboko plazan. «Ez dut uste, lasai nago orain arte egindakoarekin eta entrenatzen egiten ari naizena ikusita. Berdin jarraitzen dut lanean eta uste dut presioa bera dela guztiontzat».

BIKOTE HANDIAK

Abuztuaren 25ean jokatuko dute Elezkanok eta Zabaletak Asperen adarreko finalerdia egungo binakako txapeldunak diren Altuna eta Martijaren aurka. Torneoa, ordea, egun bat lehenago hasiko da Baikoren finalerdiarekin. Bertan, azkenean Iruñean elkarrekin aritzeko aukerarik izan ez zuten Laso-Mariezkurrenak bikotea osatuko dute Urrutikoetxea-Albisuren aurka.