Maite UBIRIA
BAIONA

Urte osoan landutako ereduaren eta garatutako borroken erakusleihoa

Laborarien Xokoan, bazkariak banatzen.
Laborarien Xokoan, bazkariak banatzen. (Guillaume FAUVEAU)

Baionako bestek ehunka mila pertsona erakartzen dituzte. Are, bi urteko basamortua bukatuz, aurten ospatu den bestetako 90. edizioak berriz ere zenbaki erraldoiak utziko ditu.

Gauzak horrela, bestak sekulako erakusleiho bilakatzen dira. Emilie Dubois ELB sindikatuko kidearen hitzak mailegu gisa hartutik, «mila diskurtsok baino gehiago balio duelako zer egiten dugun erakusteak».

Hala egiten dute, beraz, Laborarien Xokoan. Roland Barthes zabalgunean kokatutako xapito erraldoiaren azpian egunero 50 bat laguntzailek jarduten dute. Tokiko produktuekin eginiko platerak eskaintzen dituzte, bestazaleen sabelak zaintzearekin batera urte osoan egiten duten lanaren berri emanez.

Laborantza eredu bat defendatzen du aurten bere 40. urtemuga ospatzen ari den nekazarien sindikatuak. Bere ibilbidean, ezina ekina bilakatuz, lorpen nagusia kausitu du ELBk. Bere borrokari esker, Ipar Euskal Herriko laborariek beraien laborantza ereduaren arabera eratutako Ipar Euskal Herriko Ganbera (EHLG) dute.

Tokiko moneta erabiltzea

inoiz baino aukera zabalagoa izan da aurtengo bestetan. Orotara, 70 bat ostatu, peña edo jatetxetan ahal izan da euskotan ordaindu. Erakusmahaiak ezarri dituzte, non, besteak beste, 18 edo 48 eusko biltzen dituzten «Baionako bestak euskoz» gutun-azalak eskuragarri ditu jaien eredu jasangarriagoa sostengatzea defendatzen duen orok. Txotx egiteko parada eskaintzen du, bestalde, Euskal Moneta elkarteak.

Aurten indar handia hartu duen etxebizitza eskubidearen aldeko aldarrikapenak ere bere tokia hartu du Baionako bestetan. Hain zuzen, 2023ko apirilaren lehenerako bigarren manifestazioa iragartzeko baliatu du besta denbora «Se loger au pays-Herrian bizi» plataformak. Gaur argazki erraldoia egiteko hitzordua eman du 13.00etan Paul Bert plazan.