Arnaitz GORRITI
ARRAUNA

Denboraldi erdia Eusko Label Ligan: Getaria aurkia, Santurtzi ifrentzua

Igo berria den arren, Getariak denboraldia salbatu du dagoeneko eta, bigarren erdiari begira, beste helburu batzuk jar ditzake. Santurtzik bazekien ez zuela azken urteetako titulurik berrituko, baina azken-aurreko postuan izango zenik ez zuen pentsatuko.

Getariako «Esperantza» traineruak, igo berria izan arren, Eusko Label Ligan egonkortzea lortu du.
Getariako «Esperantza» traineruak, igo berria izan arren, Eusko Label Ligan egonkortzea lortu du. (Andoni CANELLADA | FOKU)

Asteburu honetan Eusko Label Ligak Hondarribian eta Getarian jokatuko ditu dagozkion estropadak eta modu horretan denboraldiaren bigarren erdia abian jarriko da. Normalena lehen erdiaren balantzea egiterakoan Liga irabazteko lehian dabiltzan traineruen inguruan berba egitea litzateke; Hondarribia liderraren eta bigarren postuan den Donostiarraren artean dauden hiru puntuez eta, akaso, Urdaibaik oraindik ere titulua eskuratzeko dituen aukerez.

Baina sailkapenaren beheko aldera begiratzea ere komeni da. Patua zuzena edo okerra izatea sarri txanpon beraren aurkia eta ifrentzua dira. Bada, ez dago adibide garbiagorik Getariak edo Santurtzik izan dezaketen pertzepzioa baino txanpon horren aurkia eta ifrentzua zeintzuk diren argitzeko.

HELBURUA BETETA

61 punturekin, bosgarren doan Kaikurengandik puntu bakarrera, Getaria dago. Debuta egiten du talde gipuzkoarrak Eusko Label Ligan eta zale baikorrenak esperoko zuena baino emaitza hobeak ari da lortzen.

Denboraldia hasi bezperetan Joan Ander De la Hoz arraunlari eta kazetariak zioenez, «sentsazioak onak diren arren, hau elitea da eta aurkariak ondoan jarri arte ezin da jakin orain arte egindako lana ona den ala ez». Ez da harritzekoa, berez, lehia abiatu aurretik neurritsu agertzea eta, ondorioz, «zakua ahalik eta arinen eta ahal bezain beste betetzea» izatea getariarren helburua. «Hamabigarren postua saihestu behar dugu lehenengo eta behin, eta gero ahal bada, hamaikagarrena, eta gero hamargarrena...» zioen De la Hozek, lehiak “Esperantza” ontzia non lagako ote zuen ezin asmaturik.

Aurreikuspen onenak ere ari da gainditzen Getaria eta maila dagoeneko salbatu duela esan liteke. Azken postuan doan Aresek halako bi puntu ditu ia talde gipuzkoarrak -61 Getariak, 31 Aresek- eta azken-aurrekoa den Santurtzik -34 puntu- baino 27 puntu gehiago. Santurtziren eta Getariaren artean, gainera, Ondarroa, Lekittarra, Cabo eta Zierbena daude. Ia ezinezkoa da falta diren hamar estropadetan “Esperantza” ontziak hain hanka sartze handirik egitea.

«Hasieran oso ongi hasi ginen. Nik uste horrek konfiantza eman zigula denboraldian aurrera jarraitzeko. Hala, estropadaz estropada gozatzen ari gara eta lanean oso ondo goaz», gaineratu du Haritz Miralles Getariako arraunlariak.

Orion eta Santurtzin getariarrek hamargarren eta hamaikagarren postuetan amaitu zuten, baina jokatutako hamar estropadetatik bostetan sei onenen artean amaitu dute, horietatik lautan bosgarren. Ez dute momentuz bosgarren postutik aurrerago amaitzerik lortu, baina ez zen hori beren helburua denboraldi hasieran. Ikusi egin behar asteburuan, bihar etxean batez ere, pausu hori emateko gai diren, baina helburuak gorantz begira aldatu ahal izatea gozamena da getariarrentzat.

TXAPELDUNA LARRI

Diru arazoak gorabehera, jakina zen Santurtzi, azken bi urteetako Eusko Label Ligako txapelduna, ez zela aurrean ibiliko. Aurreneko estropadan, hala ere, seigarren amaitu zuen “Itsasoko Ama’-k eta denboraldi lasaiaren iragarle zirudien emaitza hark. Tamalez, hurrengo bederatzi estropadetan ez dute seigarren postu hori berdindu. Santurtzin, etxean, zazpigarren izan ziren, baina bigarren estropadatik zazpigarrenera bitartean bederatzigarren lekutik azken-aurrekora bitartean ibili dira. Okerrena, ordea, joan den asteburuan egokitu zitzaien Getxon, bigarren txandatik abiatuta azken amaitu zuten, Aresengandik urruti. Lekeition, berriz, ia okerrago. Azken amaitu ez ezik, arerio zuzenenek -Aresek, Ondarroak, Lekittarrak edo Cabok- aldea atera zieten. Azken-aurrena da azken bi urteetako txapelduna, play-off postuan dago, alegia.

Mikel Pedrosa arraunlariak, hala ere, baikor begiratzen dio etorkizunari. «Taldea hobetzen ari da. Badugu zer hobetua, adibidez, estropadetan ez gara erregularrak. Buruz gogorrak izan behar dugu, bestela ez dugulako denboraldia ondo amaituko», dio bizkaitarrak.

Santurtzi, hala ere, ez dago bakarrik bere urduritasunean. Ares, Ondarroa, Isuntza eta Cabo antzera dabiltza, Aresen 31 puntuetatik Caboren 41 puntuetara bitartean zernahi gerta daitekeelako. Gogoratu Cabok azkenaldian izan duen hobekuntza, Ondarroak nola hanka egin duen zulotik eta Isuntzak etxean seigarren izan eta gero lortu duen puntu pila. Txanponetan beti ez dira aurpegi berberak ageri. Estropadek esango dute denboraldiaren bigarren erdia eta gero zeinenak diren aurki irribarretsua eta ifrentzu kopetiluna.