Angel BIDAURRAZAGA VANDIERDONCK eta Gentza Eleder AURTENETXE PILDAIN
Open Spaceko lagunak
KOLABORAZIOA

Garai nahasiak: elkarrizketa publikoa Bilbon

Irailaren 26 eta 27an Bilboko Zabalguneko (Ensanche) merkatu izandakoan bi egunetarako gogoetarako aukera izango dugu. Gune irekiari buruzko 28. Munduko Biltzarraren antolatzaileek, pandemiak eragindako hiru urteko hutsunearen ondoren, galdera hau proposatu digute. “Garai nahasiak: zelan aurrera egin elkarri lagunduz?”. Zer izan da? Nola eragin dizu? Zer ikasi dugu? Nola aurrera egin? Mundu osoan eragin du eta gutako askorentzat bizitzako zartadarik handiena izan da. Gainera, elkartzeko eta hausnarketa kolektiborako aukerarik apenas izan dugu. Premia bai, ordea.

Baina has gaitezen lehenengo azaltzen zer den gune irekia edo open space mugimendua. Askotan batzar edo kongresuetan izan bagara, kafe edo bazkari orduetako solasaldietako edukiak egun horietako interesgarrienak izan direla konturatu gara: han gertatutako ideiek, pertsonen arteko enpatiak edo ideia-trukaketek balio izan digute gehien. Esperientzia haietatik abiatuta, gune irekiko batzarretan horixe da gakoa: biribil handi batean jarrita parte-hartzaile guztiei, hasieran eta agenda hutsik dela, aukera ematen zaie nork nahi dituen gaiak plazaratzeko. Gai horietarako guztietarako gunetxoak izango dira egunean zehar, eta norbera taldez talde mugitu ahal izango da, une bakoitza aberasgarri izan dakion.

1977an Harrison Owen-ek “Open Space Tehcnology: a user’s guide” plazaratu zuen eta orduz geroztik, mundu osoan zehar egin izan dira, era guztietako testuinguruetan, gai konplexu, premiazko eta gatazkatsuei buruzko gune irekiko topaguneak, arrakasta handiz. Eta mundu mailako mugimendu eta komunitate zabala da abian, autoeraketa oinarri.

2013an Euskal Herrian horretan gabiltzanok Gune Irekiaren Lagunak taldea osatu genuen eta gai eta kolektibo ugarirekin erabili izan da: basoen kudeaketatik euskararen erabilpeneraino; osasun publikotik gaztetxeetako antolakuntzetara; Zeraingo Herri Eredua berrasmatzeko; enpresa bat sortzeko zein herri unibertsitatea asmatzeko.

Eta Gune Irekien Lagunengan piztu zitzaigun kinada eta gonbidapena aurtengo mundu mailako biltzarra eratzeko, 28.a, pandemiak eragindako urte biko etenaldia gaindituz. Hori dela eta, irailaren 26tik 30era GiGi Mundiala izango dugu Bilbon!

Munduko Gune Irekizaleen webgunea hemen duzu, kontua zabalago arakatu nahi izatekotan: https://openspaceworld.org/wp2.

Askotan galdera interesgarri bat nahikoa izaten da jende multzo batek ordu batzuk modu emankorrean eta sortzailean erabiltzeko, aske eta bizi, guztien parte-hartzearekin.

Iraileko galderak pandemiaren ondorengoei aurre egiteko balio izango digulakoan gaude. Uda honetan agerikoa da bi urteko dinamika sozialen berpiztea bizi dugula, hasi udaberriko Korrikatik eta herrietako udako jaietara. Mugimendu sozialak ere bileretan dabiltza: Nafarroko artederretik hasita, internazionalistak Bizkaiko Artean edo ekotopaketak, Portugaleten urriaren hasieran. Pandemia honek moztu ditu harreman asko, talde zein lagun artekoak, alderdi edo erakundeetakoak… Askorentzat isolamendua ez da bakarrik fisikoa izan: psikologikoki ere kalte egin digu guztioi.

Horregatik, galderak hasieran zioen bezala, garai nahasi honetan modu aske batez hitz egiteko, elkar laguntza baten alde topatzeko, aukera ezin hobea izango dugu Bilbon udazken hasieran. Ez galdu aukera hori!