GARA
FUTBOLA - XII. EUSKAL HERRIA KOPA 2022

Abuztuan eta irailean jokatuko da lehen titulua, bi mailatan antolatuta

Taldeen egutegiak direla-eta, aurten ere bi mailatan antolatu behar izan dute. Abuztuan jokatuko dira A mailako finalerdiak, Realaren eta Athleticen arteko derbia tartean, eta B mailako kanporaketa guztiak. Finalak irailaren hasieran jokatuko dira.

XII. Euskal Herria Kopa 2022. edizioa aurkeztu zuten atzo Tolosako Berazubi futbol-zelaian.
XII. Euskal Herria Kopa 2022. edizioa aurkeztu zuten atzo Tolosako Berazubi futbol-zelaian. (Andoni CANELLADA FOKU)

Tolosako Berazubi futbol-zelaia izan zen Euskal Herria Kirolak antolatu duen XII. Euskal Herria Kopa 2022 edizioaren aurkezpeneko kokalekua. Bertan aurtengo txapelketako xehetasun guztiak eman zituzten atzo Tolosako presidente Iñaki Matixak, Euskal Herria Kirolako Kike Zurutuzak eta Realeko, Athleticeko, Eibarko eta Alaveseko ordezkariek.

Lehenik, antolaketaren inguruan gauza bat argi utzi nahi izan zuten: «Berez, Euskal Herria Kopa lehiaketa batean jokatzekoa da, Euskal Herriko herrialde guztietako taldeen artean, behetik gorako formatuan onenek finalera iristeko aukera izanda behintzat. Aurten ezin izan dugu horrela antolatu, baina jarraituko dugu beste aukera batzuk aztertzen Koparen berezko egitura bueltatzeko datozen edizioetan».

Izan ere, taldeen egutegiak ez die «beste aukerarik utzi», eta beraz, aurten bi mailatan jokatuko da. Abuztuan jokatuko dira A mailako finalerdiak eta B mailako kanporaketa guztiak. Finalak irailaren hasieran jokatuko dira maila bietan.

A maila «maila nagusi» izendatu dute. Bertan arituko dira Lehen Mailan diharduten Alaves, Athletic eta Reala taldeak; «koadratzeko», Bigarren Mailara jaitsi den Eibar ere arituko da.

Behin zozketa eginda, lehen finalerdian Eibar eta Alaves arituko dira hilaren 28an Elgoibarko Mintxeta futbol-zelaian (12.00), eta bigarren finalerdian, Reala eta Athletic elkarren kontra arituko dira egun berean Berazubin (16.00, ETB).

Hirugarren eta laugarren postuetarako partida irailaren 3an edo 4an jokatuko da, eta finala irailaren 4an izango da, ETBk zuzenean emanda.

B MAILA.

B maila izendatu duten kategorian bi multzo egongo dira: A multzoan arituko dira Oiartzun, San Ignacio, Berriozar, Mulier eta Gasteizko Aurrera, eta B multzoan, Bizkerre, Tolosa eta Angeluko Isatsak. Liga formatuan jokatuko da eta multzo bakoitzeko irabazleek finala jokatuko dute irailaren 3an Berriozarren.

Internet bidez aldez aurretik sarrerak erosi ahal dira dagoeneko A mailako Realaren eta Athleticen arteko finalerdirako, Euskal Herria Kirolaken webgunearen bidez.

Minutuak hartu eta sentsazioak eskuratu

Euskal Herria Koparen hasiera iristen den bitartean, Lehen eta Bigarren Mailako euskal taldeek denboraldirako prestaketa lanetan dihardute buru-belarri. Aste honetan maila nagusiko hiru taldeek eta Eibarrek lagunartekoak dituzte sentsazioak hartzen joateko. Lehena jokatzen Alaves izango da, gaur bertan DUX Logroñoren aurka.

Gainerako taldeei dagokienez, Realak, Sentimendua Kopa txapelketan zilarrezko domina lortu ondoren, larunbatean triangeluarra jokatuko du Lerinen Eibarren (19.00etan) eta Osasunaren (20.00) aurka. Armaginak, lehenago, gaur bertan alegia, Athleticen aurka lehiatuko dira Medina de Pomarren (18.30).

Talde zuri-gorriaren aste honetako prestaketa lana igandean amaituko da. Aipaturiko armaginen aurkako neurketaz gain, astea amaitzeko, Girondins Burdeosen aurka jokatuko du lagunartekoa Lezaman, 12.00etan hasiko den partidan. GARA