Aintzane ORBEGOZO
ELA sindikatua
KOLABORAZIOA

Gipuzkoako adinekoen egoitzetan matxismoa nagusi

Patronalak eta UGTk akordio antidemokratiko baten bidez Gipuzkoako erresidentzietako gatazka itxi nahi izan dute. Aldundiak (estrategia horren babeslea) akordioa txalotu du, sektorearen «egonkortasunaren» izenean.

ELAk, sektorean %60ko ordezkaritza duen sindikatuak, ezin du ontzat eman emakumeen esplotazioan oinarritutako egoera «egonkortzea». Emakume langileak antolatu eta ahaldundu nahi ditugu lan baldintza onak lortzeko. Horrez gain, oinarrizko zerbitzu publiko honetan langile kopurua handitu eta arretaren kalitatea hobetu nahi dugu. Hor kokatzen dira azken lau urteetan ELAk egindako 262 greba egunak eta ehunka mobilizazio. Gipuzkoako erresidentzietan egunerokoa ere azaleratu dugu; lan karga izugarriak, ordezkapen ezak edo arrisku psikosozialen gorakada.

Akordioa itxi baino astebete lehenago, Mercedesen Emilio Titosek (zuzendari nagusia) ere bozkatu zuen erreferendum tranpati batean eta Raul Arzak (UGT-Euskadiko idazkari nagusia) babestu zuen. Lan-hitzarmena aplikatzen zitzaien langileek (tailerrekoak, bereziki) ezezkoa eman zioten eta, hala ere, demokraziaren izenean beste guztiek beren akordioa sinatzea exijitu zuen. Ondoren, autoritarismo izugarriz eta Gipuzkoako erresidentzietako langileen %7ko babesa bakarrik izanik, langile guztiei akordio hau inposatu nahi die. Batean eta bestean elementu bat errepikatzen da: UGT enpresen zerbitzura jartzea, mobilizazioak desaktibatzeko. Oso erraza da beste sindikatuetako langileek egindako greba eta mobilizazioei esker lortutako hobekuntzen jabe egitea. Horri “sindikalismo parasitarioa” esaten diogu.

Sasi-akordioak ez du erosahalmena bermatzen; %13,5eko igoera egongo omen da 2022, 2023 eta 2024an. Lehen bi urteetako urte arteko KPIa ikusirik, dagoeneko erosahalmen galera legoke. Bestelakoetan, erresidentzia gehienetan dauden atsedenaldiak eta antzinatasuna murriztu dituzte (langile askoren lan-baldintzak okertzea ekar dezake). Eta langileentzat ezinbestekoak diren gainerako gaiak (kontratazio duina edo lan osasuneko neurriak hartzea) aipatu ere ez dituzte egin.

Pandemia hasitakoan, ELAk greba bertan-behera utzi zuen, ezohiko egoerari aurre egin ahal izateko. Emakume langile hauek izugarri sufritu zuten ondoren: asko lanean gaixotu ziren, babes neurri egokirik ez zutelako, eta egoiliar andanaren heriotzari egin behar izan zioten aurre. Aldundiaren eta UGTren ordaina hau izan da.

Aste hauetan Gipuzkoan sinatu diren Eraikuntza edo Papereko hitzarmenetan KPIa bermatuta dago. Bi hausnarketa: batetik, adinekoen egoitzetan ere ezinbestekoa da prezioen igoeren aurrean pobretuko ez gaituzten hitzarmenak lortzea. Bestetik, genero irakurketa: erresidentzien sektorean langile gehienak emakumeak dira eta diru publikoz Diputazioak genero arrakala areagotu du.

Aldundiak zaintza eredu hau ezbaian jarriko duten ahotsak isildu nahi ditu. Gatazka horrela kudeatzearen gakoa hortxe dago: Aldundiak erresidentzien gaur egungo eredua betikotu nahi du. Enpresentzat zaintza negozio-iturri da, herritarron diruarekin, langile eta egoiliarrei ematen zaien zerbitzuaren kontura. Pertsonengan zentratutako eredua darabilte ahotan, etxean bezala sentitu daitezen nahi omen dute, baina helburu hori benetakoa balitz, ereduaren berrikuspena jarriko litzateke mahai gainean, ez baita bateragarria enpresen akziodunak pozik utzi eta langile eta pertsonenganako arreta hobetzea.

Akordio honek argi erakutsi du Gipuzkoako Aldundiaren jarrera inposatzailea. Ez dute onartzen inork kontra egin diezaien, horretarako langileen ordezkaritzaren %93ri lan baldintzak aldebakarrez ezarri behar bazaizkie ere. Pentsa dezakete horrela mobilizazioa desaktibatuko dutela, greban diren langileek etsiko dutela, baina euren haserrea handitzea besterik ez dakarte. Emakume esplotatu eta otzanak nahi dituzte, baina ELAtik alternatiba eraikitzen jarraituko dugu, langile klaseak, izan egoitzetako langileok, erabiltzaileok zein senideok, asko dugulako jokoan. Udazkenak ere more kolorea izango du, mobilizazioez patronal eta politikari matxistak margotuko dituen kolorea.