Surflari ernegatua

Olinpiadak Teahupoon

N eskek beste urrats garrantzitsu bat egin dute Teahupoon. Munduko olatu zailenetako batean lehiatu dira, baina egiari zor oraindik apur bat berde daudela ere agerian geratu da. Lehen egunean nesken txandak baldintza txarretan eta olatu txikiekin egin zituztelako kritikak jaso zituen WSL erakundeak, baina hurrengo egunetan mutilak baldintza berberetan itsasoratu zirenean, Teahupoo handi geratzen zitzaiela nabarmendu zen.Teahupoo tuboak egiteko olatu bat da, ez da birak egiten aritzeko urautsia. Horregatik, Carissa Moore edo Tyler Wright bezalako munduko txapeldun ohiak tubotik ihes egin eta nola edo hala puntu batzuk eskuratzeko birak egiten ikustea ez zen izan ikuskizun atsegina. Neskek azken hamar urteetan eman dituzten pausoak sekulakoak izan dira, maila orokorra izugarri hazi da, mutilen kategorian ez bezala, baina onartu behar da oraindik aldea handia dela, eta Teahupoo izan da horren adierazle.

Aitzitik, kontuan hartu behar da munduko olatu beldurgarrienetako bat dela; ez da edonor itsasoratzeko urautsia, baina badirudi Olinpiar Batzordeari hori bost axola zaiola. 2024ko Olinpiar Jokoak uztailaren 24 eta 26 bitartean izango dira Teahupoon. Lacanau, Hossegor eta Biarritz lehia bizian izan ziren hautatuak izateko, formatu olinpiarrerako hondartza egokiak baitira, baina azken unean Tahiti hautatu zuten. Inork gutxik espero zuen erabaki hori, ordura arte ez baitzen hautagaien artean ageri uharte tahitiarra. Gobernu frantsesak aldebakartasunez hartu zuen erabakia, Frantziako Surf Federazioari ere bizkar emanez.

Auskalo zein arrazoi politiko dituen Gobernu frantsesak Tahiti lehenesteko, baina artean Europan zuen lidergoa galdu du surf munduan. Jada Hossegorreko munduko txapelketa egiteko ere ez dute laguntzen eta Biarritz inguruan ziren surfari lotutako enpresak beste herrialde batzuetara aldatu dituzte beren egoitza nagusiak.

Odola maite dutenentzat txapelketa interesgarria izan daiteke Joko Olinpiarretan Teahupoon egingo dena. Izan ere, Teahupoon gutxienez bi metroko olatu oso arriskutsuak izaten dira edo ez da olaturik. Horregatik lehen mailako txapelketak egiteko itxaronaldi epeak bi astekoak izaten dira. Formatu olinpikoa ez da batere egokia surferako, zeren dagoena dagoela surflariak itsasoratu egin behar dira, baita olaturik ez bada ere. Aldiz, Joko Olinpiarrei begira arriskua kontrakoa izan daiteke. Zer egingo dute bost metroko olatuak badira? Jada bi edo hiru metroko olatuekin arazoak izango dituzte lehiakide askok, zeren kontuan izan selekzio bakoitzetik gehienez bi lehiakide izan daitezkeela hautatuak (24 mutil eta 24 neska); beraz, asko izango dira Teahupoon lehiatzeko gutxieneko maila ez duten surflariak eta arrezifeak ez du barkatzen.