M. TXINTXURRETA
BILBO
KARTZELA POLITIKA

Presoen eskubideak ideologien gainetik daudela oroitu dute Bilbon

Sarek eta Bilboko konpartsek elkarrekin deitutako mobilizazioak milaka lagun batu zituen atzo Bizkaiko hiriburuan, euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespen politikak behingoz alde batera uzteko aldarrikapena jaietako egun nagusian barreiatuz. Mobilizatzen segitzearen garrantzian azpimarra egin zuten antolatzaileek, presoen auzia artean konpontzeke baitago.

Milaka lagun batu ziren atzo Sarek eta Bilboko konpartsek deitutako martxara.
Milaka lagun batu ziren atzo Sarek eta Bilboko konpartsek deitutako martxara. (Oskar MATXIN FOKU)

Milaka lagun bildu zituen atzo, Bilboko Aste Nagusiko egun garrantzitsuenean, “Etxera bidea gertu” leloarekin egin zen euskal preso politikoen eskubideen aldeko mobilizazioak. Sare Herritarrak eta Bilboko konpartsek antolatu zuten manifestazioa, elkarlanean.

Plaza Zirkularretik abiatu zen mobilizazioa 13.00etan, errepide bazterrean martxara batzeko prest ziren lagunen txalo artean. Bilbo erdialdeko zenbait kale nagusitatik ibiltzeari ekin aurretik, Bego Atxa eta Joseba Azkarraga Sareren bozeramaileek egungo egoerari erreparatu zioten, puntu gozoak zein gaziak aipatuz. «Aurrerapausoak eman dira, baina oraindik ere 50 bat preso daude Euskal Herritik kanpo», gogorarazi zuen Atxak, ezer baino lehenago.

Auzitegi Nazional espainolak kaleratzeei zein gradu progresioei jartzen dizkien oztopoak gogora ekarri zituzten gero. Sareren bozeramaileek nabarmendu zutenez, epaileen «ideologia askatasuna» onargarria da eta defendatzen dute, baina hori ezin da inolaz ere «presoen aurka eta legearen kontra erabili». «Ez da onargarria Euskal Herritik 500 kilometrora dauden eta salbuespen-organo judizialetako kide diren epaile eta fiskalen jarrera. Haien jarrerarekin, behin eta berriro mespretxatzen dute gure gizartea, zeinak urteak baitaramatza erakusten posible dela bizikidetzarantz aurrera egitea; ahaztu gabe, bai, baina gorrotorik gabe», gaineratu zuten.

«Mendekuan oinarritutako justizia hori» da, Sarek deitoratu zuenez, Auzitegi Nazionalak ezartzen duena, «espetxeetako tratamendu batzarrek gradu progresioen inguruan edo espetxeko baimenen inguruan hartzen dituzten erabakien kontrako errekurtsoak jartzen dituenean».

Aldagai positiboen artean, «biktimen posizionamendua» nabarmendu zuten, izan ere, «gero eta biktima gehiago daude, ahots propioz, giza eskubideen alde». Atzoko manifestazioak ere «ideologia desberdineko» jendea erakarri zuela azpimarratu zuen Atxak.

Protestak iraun artean, euskal preso, iheslari eta deportatuak kaleratu edo etxeratzeko aldarriak zabaldu zituzten lau haizeetara milaka lagunek.

«Konponbide justua» denentzat

Udaletxearen aurrean bukatu zen manifestazioa 14.00ak aldera eta bertan, talaia batera igota, Joseba Azkarraga eta Bego Atxa bozeramaileak mobilizazioan parte hartu zuten lagunei zuzendu zitzaien. Balioa eman zioten, lehenik, atzo eguerdikoa bezalako ekimenei esker lortutakoari: «Benetako datua da pertsona askok, leku askotan, gauza txikiak egiten, hasiera batean zailak ziruditen egoerak aldatu ahal ditugula».

Mobilizatzeko gaitasun horrek ekarri du, Sareko bozeramaileen aburuz, gaur egun euskal presoak Euskal Herritik hurbilago egotea -presoen %70, azpimarratu zutenez-, beraz, bide horretan ekiten jarraituta, «politika, elkarrizketa eta akordioak bateratu» behar direla nabarmendu zuten, «ideologia ezberdinak dituzten baina egoera aldatzeko gogoak elkartzen dituen pertsonekin partekatuz kalea».

Alta, lorpenak garrantzitsuak izanagatik ere, «ezin dugu guardia jaitsi», ohartarazi zuten Azkarragak eta Atxak, euskal presoen %28 etxetik urrun baitira oraino, Gobernu espainiarrak orain lau urte salbuespen egoerari amaiera emateko konpromisoa hartu bazuen ere. «Ezkutuko zer arrazoi dago, 30 urte baino gehiago luzatu den urruntze politikaren ondorioz, oraindik ere euskal presoak Daroca, Zuera, Madril, Villabona, Leon edo Palentziako espetxeetan egoteko?», galdetu zuten.

Preso, deportatu zein iheslarientzat, «konponbide justua» galdegin zuten Sareko eledunek.

Hurrengo zita, urriaren 8an Donostian

Mobilizazio aldi honen osteko hurrengo urratsa erantsi du Sarek; Donostian urriaren 8an egitekoak diren mobilizazioa eta kontzertu erraldoia. Han ere milaka pertsona bilduko direla segurtatu zuten eta bertaratzeko gonbita luzatu zieten herritarrei bozeramaileek.

«Hori baino ez -hasi ziren esaten manifestazioa ixteko-, amai ditzagun ondo jai hauek; jarrai dezagun ondo pasatzen, baina, aldi berean, gizarte hobea, solidarioagoa, Euskal Herrian izan den edozein indarkeria jasan duen edozeinekiko enpatia gehiago duena aldarrikatzen. Eta, horretarako, konponbide justu bat behar dugu indarkeria guztien biktima guztientzat, eta lanean jarraitu behar dugu presoak eta erbesteratuak etxera itzul daitezen».