Jon ORMAZABAL
PILOTA

Pilotalekuan ere Aste Nagusia azkeneraino zukutu dute

Elezkano-Zabaleta 9-16 aurreratu diren arren, Laso-Mariezkurrenak buelta eman diote partidari eta Bilboko feria eraman dute zaleen gozamenerako.

Laso-Mariezkurrena, garaipena ospatzen.
Laso-Mariezkurrena, garaipena ospatzen. (Aritz LOIOLA FOKU)

Festagunetik urrun xamar geratzen da Miribillako Bizkaia pilotalekua eta, gainera, aldapa piko xamar bati egin behar zio aurre, baina ordubetez txosnagunea utzi eta frontoirako bidea egin zuten 1.225 pilotazaleek ez dute damurik izango, azken egunetan pilatutako nekea handia bada ere, parrandazale onenek bezala, azkeneraino zukutu izan nahi baitzuten Laso-Mariezkurrena eta Elezkano-Zabaletak Bilboko pilota feria. Azkenerako, partida oso gorabeheratsu batean -urdinak 9-16 ere joan ziren aurretik- Baikokoak gailendu ziren tanto bakar baten aldearekin, baina ia hori izan zen gutxienekoa, zenbait urtetan oso sarrera eskasak izan ostean, pilotalekura gerturatutako milatik gora zaleek oso partida eder eta borrokatuaz gozatu ahal izan zuten eta.

Gainera, tartean akats batzuk ere izan ziren arren, bi aldeetatik ondo jokatutako partida izan zen eta, gehienetan txalo eta begirada gehienak aurrelariengan jartzen baditugu, Mariezkurrena eta Zabaleta bezalako bi atzelarirekin ere zenbat goza daitekeen argi geratu zen, biek ere partida handia jokatu baitzuten.

OREKA HAUTSI

Baikokoak faborito garbi bezala irten baziren ere, lehia oso orekatua izan zen hasierako txanpan. Hori bai, zazpinako berdinketaren ostean urdinak izan ziren markagailuaren eta jokoaren agintea hartu zutenak. Aurreko igandean Zarautzen -Altunaren lesioarekin- ezinean aritu bazen, atzo Zabaleta bere mailarik onena berreskuratzeko gai izan zen eta aurrean Danel Elezkanok bikain lagundu zion. Aukerak garesti izaten ari dira Zaratamokoarentzat uda honetan, baina apur horietan berea emateko gai izan da bizkaitarra. Errematean zorrotz aritu zen eta 9-16 aurreratzea ere lortu zuten Aspekoek, finala, ustez, euren aldera bideratuz.

Baina Lasok eta Mariezkurrenak ere ez zioten elkarrekin irabazteko aukera bakanetako bati horren erraz ihes egiten utzi nahi. Enpresatik at utzi nahi izan zituzten horien etxean euren burua nolabait aldarrikatu nahi izan zuten eta aitaren batean markagailuari buelta eman zioten, 17-17 berdinduz lehenengo eta 21-19 aurreratuz ondoren.

AMAIERA EZIN ESTUAGOA

Giroak, ordea, goia hortik aurrera jo zuen, Elezkanok eta Zabaletak ez zutelako euren azken hitza esan nahi eta finala 21-21 berdintzea ere lortu baitzuten. Azken tantoan, baina, Unai Lasok atzera jotako pilotakada luze bati esker, garaipena bi nafarrentzat izan zen.