EDITORIALA

Txarraren eta okerraren arteko aukera

Abiadura handiko trenarekin gertatzen ari diren lotsagarrikeriak galantak dira benetan. Presak bukatzeko, dirutzak xahutu, loturen inguruko ameskeriak, begien bistakoa denaren aurrean ez ikusiarena egiten jarraitzeko. Bideragarria ez dena ez delako bideragarri. Zentzurik ez duena zentzugabea delako. Kosta ahala kosta egin nahi izate hori, erridikulua izateaz gain, oso garesti ordaintzen du euskal gizarteak. Plano guztietan. Proiektu horrek oinarrizko azpiegiturak nola deskapitalizatzen eta oinarrizko zerbitzuak nola txikiagotzen dituen baino argiago erakusten duten adibide gutxi daude. Baliabide publikoak irensten dituen zulo beltza da, bizi dugun testuinguru zailean zarrastalkeria totala, amaitu beharrekoa.

Azpiegiturek lurraldea antolatu eta aberastasuna sortzen dute, giza ekintza ezberdinak dinamizatzen dituzte, pertsonen bizitzak hobetu eta herriak garatzen lagundu. Hori dute jatorrian zentzu eta horregatik dira beharrezko. Baina maxima horiek ez dute azpiegitura guztientzat balio. Badira alferrikakoak, defizitarioak edo egingarriak ez direnak. Kategoria horretan sartu behar da abiadura handiko trena. Logikaren irizpide guztien kontra egin nahi delako. Eztabaida zaharrak berriz azaldu dira lehen lerrora, tartean Nafarroak “euskal Y”-arekin izan beharko lukeen loturaren ingurukoa. Aralar zulatuz, Lakuntzatik Ezkio-Itsasora edo Sakanatik eta Arabako Lautadatik barrena Gasteizera. Aurrenekoa motzagoa eta garestiagoa, bigarrena luzeagoa eta merkeagoa. Biak demontrez josiak. Txarra bat eta okerragoa bestea, eta alderantziz.

Bada soluzio sinpleago bat: erabakia orain ez hartzea, moratoria bat ezartzea. Ezkiorainoko tunelean edo Sakanatik eta Arabako Lautadatik barrena doan trenbidea bikoiztearen aurrean badelako hirugarren aukera bat: egungo trazatua moldatzea. Merkeagoa da, ingurumen mailako kalteak izugarri murrizten ditu, Aralarren, bereziki lurpeko urentzat, arrisku txikiagoak ditu eta Sakanan eta Araban bikoizketaren kalteak ekiditen dira. Txarraren eta okerraren artean ez da erabaki behar. Egin behar dena abiadura handiko trena gelditzea da, berriz ebaluatzea, goitik behera. Edo, hobe, behetik gora.