GARA
VATIKANO HIRIA

Kardinalak bildu ditu Frantziskok aita santu kargua utziko duen zurrumurruen artean

Frantzisko aita santua.
Frantzisko aita santua. (Domenico STELLINIS | POOL AFP)

Kardinal guztiak bilera batera deitu ditu Frantzisko aita santuak Eliza katolikoaren etorkizunari buruz eztabaidatzeko. Orotara, 190 kardinal elkartuko dira Vatikano Hirian gaur amaituko den bilkuran, Frantziskok kargua utziko duen zurrumurruen artean.

Larunbatean bertan, Frantziskok beste hogei kardinal berri izendatu zituen. Bide batez, kardinal guztiek “Praedicate Evangelium” konstituzio apostolikoari buruzko gogoeta egiten ari dira.

Aita santu argentinarrak bultzatu duen erreforma nagusia da egunotakoa eta bederatzi urteko lanaren fruitua da. Eliza katolikoaren sektore batzuek bultzatutako erreformaren aurrean kezkak eta kritikak plazaratu dituzte.

Bultzatutako konstituzio berriak Erromako Kuriaren izaera goitik behera aldatzen du. Ekainaren 5ean sartu zen indarrean eta 1988an Joan Paulo II.ak idatzitako “Pastor Bonus” delakoa ordezkatzen du. Elizaren zuzendaritza «misiolariago» baten alde egiten du eta laikoen eta emakumeen presentzia indartu.

Neurri berrien artean, Ebanjelizaziorako Dikasterio (ministerio) bat martxan jarri du Frantziskok. Aita santuak zuzenean zuzenduko du.