GARA
KOLONBO

Sri Lankak 2.900 milioi dolarreko akordioa lortu du Nazioarteko Diru Funtsarekin

Sri Lankako presidentea, NDFko ordezkariekin.
Sri Lankako presidentea, NDFko ordezkariekin. (AFP)

Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) eta Sri Lankako Gobernuak 2.900 milioi dolarreko akordioa sinatu dutela jakitera eman zuten atzo. Hitzarmenaren helburua herrialdeak bizi duen krisi sakonari «konponbidea» emateko erreskate plan bat martxan jartzea da.

NDFk zabaldu zuen oharrean adierazten denez, datozen 48 hilabeteotan «erreforma eta doikuntza programak» babestuko dira.

NDFk Sri Lankara bidali duen misioaren buru Masahiro Nozaki eta Peter Breuerrek azaldu zutenez, hitzarmen honek «egonkortasun makroekonomikoa berreskuratzeko Sri Lankak martxa jarri duen programa sostengatuko du». Horrekin batera, helburu hauek ditu akordioak: zorraren jasangarritasuna mantentzea, egonkortasun finantzarioa berreskuratzea, ustelkeriaren eragina arintzea eta «Sri Lankaren hazkunde ahalmena desblokeatzea».

Hitzarmenak NDFren zuzendaritzaren oniritzia behar du oraindik. Hartzekodun pribatu eta ofizialei zorra kobratzeko bermeak ematen dizkie.

NDFren arabera, Sri Lankak diru-sarrerak handitu beharko ditu. Horretarako, zerga erreforma bati ekin beharko dio eta erregaien eta elektrizitatearen salneurri sistema aldatu beharko du. Horiek aplikatuta, prezioak eta dibisen erreserba egonkortuko lirateke.

Krisi ekonomiko larrian dago Sri Lanka. Bertako biztanleak erregai eta oinarrizko produktu falta pairatzen ari dira. Aurten BPGa %8,7ra jaitsiko dela aurreikusten da eta inflazioak dagoeneko %60ko muga gainditu du.