Ni ere ikastolaren alde
Neure burua aurkez dezadan hasieratik, geure herriko ikastolaren sortzaile eta andereño ere izandakoa naiz eta denboraren poderioz ilea urdindutakoa. Min handia jasotzeaz gain, pena eta tristura ematen didate, azken bolada honetan, Ikastolaren aurkako (irainak, batzuek) iritziek eta artikulu egileek horrela pentsatzeak. Irakurriak irakurrita, ziur naiz denak ni baino gazteagoak eta frankismo garai hura bizi izan ez zutenak direla, eta ikastolak sortzeko herri borrokan murgildu eta zenbaitetan kartzelaz ere atxilotuak izan zirenen errespetuz soilik bada ere, garai hura gogoan, beti egongo naiz Ikastolaren alde. Baina denak ez dira aurkakoak noski.
Gure helburua. Gerra ondorengo krisialdi sozial, politiko eta ekonomikoa gainditzen zihoan heinean, 1960ko hamarkadan, Euskal Herriak Herri bezala bere eskola propioa behar zuela ikusten genuen eta ordura arteko hezkuntza eredu arrotzean ezagutzen ez zen eredu pedagogiko berri bat sortu nahi zen; euskaraz izango zen heziketa nahi genuen geure haurrentzat, erdal irakaskuntza errotik aldatu nahi zen, eta pedagogia parte-hartzailean sinesten genuelako beronen alde borrokatu ginen.
Horretarako, herri osoaren partaidetza eta laguntza nahitaezkoa zen eta jaso ere jaso genuen, benetako ikasketa komunitatea osatuz. Eskolak herriarekin bat egin behar zuen eta egin ere egin zuen, guztion inplikazioa nabarmena izan baitzen. Hezkuntza komunitateko kideon borroka arlo guztietara eramanez, euskararen aldarria eginez, gure identitatearen transmisioa eginez. Etorkizunean euskaldun gisa bizi nahi bagenuen, euskal curriculumaren alde egin behar genuela ere bagenekien eta gure heinean ere ekin genion. Berrikuntza eta sormena landuko zituen eskola nahi genuen gure ikasleentzat. Izaki zoriontsuak sortu nahi genituen. Bestalde, herri osoaren partaidetzaz egina zelako izaera publikoa eman zitzaion, kontzeptu hau bere zentzurik zabalenean hartuta. Horrela Euskal Herriak bere eskola izango zuen proiektua abian jarriaz eta euskal hezkuntza nazionala bideratuz.
Horretaz guztiaz jabeturik, abertzale eta euskaltzaleen indar, gogo eta ilusioari esker auzolanean, etengabeko transmisioan jardunez egin ahal izan zen gure identitatearen transmisioa, nolabait esateko. Euskal kontzientzia zegoelako guztion baitan eta benetan sinesten genuelako horretan buru belarri lan eginez, euskara eta euskaraz irakatsiz, herritarron akuilu bilakatuz.
Gaur egun, zoritxarrez, zerbaitek huts egiten badigu, herri kontzientzia dela uste dut; bestela ez genuke hau irakurriko: «Ikastolek paper ikaragarria bete zuten euskararen alde euskara hiltzear zegoen mementoan...» Nire galdera hauxe da: gaur egun euskara hobeto al dago? Horrelako iritzia duenak zer nolako kontzientzia ote du zapalkuntzaz, oraindik euskaraz bizitzea ukatzen zaigunean? Euskara zatikatua, ehunekotan proportzionalki behartzen dutenean; adibidez, hainbeste euskaldun A, B edo D ereduak aplikatzerako tenorean? Eskola materialetan Euskal Herria EAEra mugatzen denean? Nafarroa eta Iparraldea Espainia eta Frantziaz hartzen direnean? Eta beste hainbat adibide jar genitzake. Denak espainiartu nahi gaituztenean, horiek ez ote dira menderatutako herri baten seinaleak? Beraz, herri kontzientziaren transmisioa hain urrun dagoen bitartean, eta ikastolak sortzeko helburuak erdiestetik oraindik urrun samar gaudenez, guk sortutako ekimen horrek luzaroan beharrezko izaten jarraituko duela deritzot.
Eta bukatzeko, Koldo Mitxelena hizkuntzalariaren esaldi batekin bukatuko dut: «Eskola oro ez dira ikastolak/ eta ikastolak oro eskolak dira».