GARA
PILOTA

Dariok eta Zabaletak gehiago asmatuta, lehen puntua batu dute San Mateo torneoan

Ezkaraiko aurrelaria eta Etxarrengo atzelaria hobeto aritu ziren partidaren zati handienean eta Urrutikoetxea-Imaz bikotea mendean hartu zuten.

Dariok 14 tanto eginda bukatu zuen partida.
Dariok 14 tanto eginda bukatu zuen partida. (Aritz LOIOLA | FOKU)

San Mateo Torneoko lehendabiziko partida jokatu zen atzo Logroñoko Adarraga pilotalekuan eta Dariok eta Zabaletak osaturiko bikoteak lehendabiziko puntua eskuratu zuen finalerdietako ligaxkan.

Urrutikoetxea eta Imaz hartu zituzten mendean hasieratik nagusi izan ziren lehian. 4-5eko tantoarekin partida hautsi eta beste lau tanto segidan egin zituzten urdinek, Darioren fintasuna nabarmenduz. Bi tanto jarraian eginda apur bat hurbildu ziren gorriak, baina berriro ere hiru tanto segidan egin eta partidan nor zen nagusi argi utzi zuten Dariok eta Zabaletak. Lehendabiziko atsedenaldi luzera 8 tanto eginda joan zen Ezkaraiko aurrelaria. Guztira 14 tanto alde zituela bukatu zuen partida eta estatistika horixe izan zen, hain zuzen ere, partidako datu erabakigarriena; alde horretan, Urrutikoetxea makalago aritu baitzen -5 eginda-.

Bigarren zatia parekatuago hasi zen, baina gorriei nekeza egiten zitzaien aldeak murriztea. Hala, atsedenaldia eskatu zuten 10-16 galtzen zihoazela, berandu baino lehen erreakzio bat bilatzeko asmoz. Hortik aurrera, Imaz Zabaletari ondo eusten hasi zitzaion eta, gorriek 4-0ko partziala ezarrita, markagailuko aldea bi tantora murriztu zen.

Unerik erabakigarrienean sartu zen partida, baina urdinek ez zuten aurpegirik galdu eta, 1-6ko partzialari esker, San Mateo Torneoko lehen puntua eskuratu zuten.

Partida bukaeran Zabaletak onartu zuen azken bi partidetan jokatzeko modua apur bat aldatu duela, azkenaldian jokatzen ari diren pilotekin ez dabilelako «oso gustura». Konfiantza falta izan daitekeela ere adierazi zuen, baina gehienbat «soltatzen hasten» denean pilota ez dela urrutira joaten ikusita, gutxiago soltatu eta pilotari «altuera ematen saiatzen» ari dela esan zuen.

Gaur arratsaldeko jaialdian B multzoko lehendabiziko finalerdia jokatuko dute Ezkurdia-Rezusta eta Jaka-Mariezkurrena II.a bikoteek.

ARRIZABALAGA-CAPELLAN ETA ALDAI-ERASUN

San Mateoko emakumezkoen bigarren finala jada erabakita geratu zen joan den asteburuan, Arrizabalaga-Capellan bikoteak Larrarte-Oses 22-12 mendean hartu ostean. Aldai-Erasunen aurka jokatuko dute finala, hilaren 24an, Adarragan.

Capellanen herrian jokatu zen bigarren finalerdia, Santo Domingon, eta harmailak txalo hotsez bete ziren herriko pilotariaren pilotakada bakoitzean. Urduritasunak bere maila onena erakustea eragotzi bazien ere, Arrizabalagaren maila onari esker mendean hartu zuten Larrartek eta Osesek osatutako bikotea.