GARA
TEHERAN

Irango Gobernuak Mendebaldearen joko zikina ikusten du protesta oldean

Duela hamar egun Mahsa Amini hil ondoren Iranen zabaldutako protesta oldea piztu izana leporatu die Teheranek Ameriketako Estatu Batuei eta Europako hainbat gobernuri. Horiek «barne arazoetan sartzea» gaitzetsi du Gobernu irandarrak eta herrialdeari ezarritako zigorrak kentzeko eskatu du. Dagoeneko 41 pertsona hil eta 1.200 baino gehiago atxilotu ditu Poliziak.

Aminiren heriotzaren eta erregimen teokratikoaren aurkako protestak Teheranen.
Aminiren heriotzaren eta erregimen teokratikoaren aurkako protestak Teheranen. (AFP)

Iranek Europako eta AEBetako buruzagi politikoei egotzi die duela hamar egunetik hedatzen ari diren protestak piztu izana. Mahsa Amini gaztearen heriotzak eragindako mobilizazio horietan Poliziak dagoeneko 41 pertsona hil eta 1.200 baino gehiago atxilotu ditu.

«Estatu Batuetako buruzagi politikoek -Europakoek kasu batzuetan- eta haien komunikabideek gertakari tragiko bat baliatu dute -oraindik ikertzen ari dena- eta istilu-sortzaileei babesa eman diete», adierazi zuen Irango Atzerri Ministerioak.

Bere hitzetan, Mendebaldeko politikariek, «Irango barne arazoetan nahasteaz» gain, erregimenaren aldeko manifestazioen aurrean «ez ikusiarena egin» edota gaitzetsi egin dituzte. «Irango nazioaren eskubideak defendatu nahi dituztenek amaiera eman behar diete zigor krudel eta ankerrei», gehitu zuen.

Horrez gain, Teheranek bere subiranotasuna urratzen saiatzea leporatu zien AEBei larunbatean, Washingtonek enpresa teknologikoei Iranen zerbitzuak zabaltzeko baimena eman ondoren, protestak eteteko Interneten ezarritako murrizketei erantzunez.

Joan den asteburuan Atzerri Ministerioak enbaxadore britainiarra, norvegiarra eta suediarra deitu zituen haien gobernuek erakutsitako jarrerarekiko haserrea agertzeko. Aldi berean, Alemaniak enbaxadore irandarra deitu zuen. Europar Batasunak, berriz, Irango agintariek manifestarien kontra «indarra ohiko bihurtzen eta neurriz kanpo erabiltzen» ari direla salatu zuen, Joe Biden AEBetako presidenteak bezala.

Moralaren Poliziak atxilotu zuen Amini joan den asteartean, belo islamikoa gaizki eramateagatik «ordubeteko berreziketa» egiteko. Ospitalean hiru egun koman eman ondoren hil zen. Protestak berehala hasi ziren eta Iran osoan zabaldu dira, nahiz eta Irango agintariek errepresio gogorrarekin erantzun. Aminiren heriotza salatu eta emakumeen eskubideak defendatzeaz gain, Ali Jamenei Iraneko buruaren kontrako oihuak entzun dira.