Nagore BELASTEGI
DONOSTIA

Heriotzari beldurra kentzeko erronka duen saiakera dakar Oskar Gazteluk

Heriotzaren inguruan munduan dauden errituak eta historian atzera begira aurkitutakoak jasotzen ditu «Heriotzari aurrez aurre begira» lanak. Heriotza gertu izan dutenen testigantzak ere bildu ditu. Helburua, jaiotza bera bezain naturala den eta denok bizi izango dugun gertaeraren inguruko tabua desagerrarazten laguntzea; gaia mahai gainean jartzea eztabaida pizteko.

Oskar Gaztelu, heriotzaren inguruko liburua eskuan duela.
Oskar Gaztelu, heriotzaren inguruko liburua eskuan duela. (Jon URBE | FOKU)

Ezezagunari beldurra izan ohi diogu, eta ez da ezer ezagunagorik heriotza baino. Beldurrei aurre egitea da horiek gainditzeko modurik eraginkorrena, eta heriotzaren kasuan, baztertu ezin dugun zerbait denez, horren inguruan gogoeta egitea ezinbestekoa zaigu gure bizitzaren uneren batean.

Gure bizitzan jaiotza bera bezain garrantzitsua den heriotzari tabua kentzeko intentzioarekin idatzi du Oskar Gazteluk azken liburua, “Heriotzari aurrez aurre begira” (Erein), «apaltasunez» egindako saiakera. Apal, ez delako aditua, baina oso sakon landu du gaia, mahai gainean jarri eta irakurleek pentsatu eta eztabaidatu dezaten, denok pasatu behar dugulako trantze horretatik.

Miguel de Unamuno Sariari esker argitaratu ahal izan du lana. Egileak berak aurkezpenean azaldu zuenez, saria jaso ostean lehenengo zoriondu egiten zuen jendeak, eta gero galdetzen zioten ia zergatik idazten zuen heriotzari buruz, hain gai tristea izanik. Erantzuna arestian aipatutakoa da: bizitzan bi gauza direlako garrantzitsuenak, jaiotza eta heriotza. «Jaiotza, poztasun eta zoriontasun unea da; ziurgabetasun unea ere bai. Heriotza, berriz, gure kulturan, baztertuta, ahaztuta, ezkutatuta dago. Tabua da eta beldurra sortzen du. Baina heriotza gure bizitzako une askotan agertzen zaigu», nabarmendu zuen.

Zentzu horretan, adierazi zuen hobe dugula «heriotzarekin dantzan egiten ikastea», horrela lasaiago eta modu naturalagoan biziko garelako. Hala, liburuan beste herrialde batzuetan heriotza nola bizi den aztertu du, ohiturak azaldu ditu (erlijio nagusienak ez, horiek aski ezagunak direlako), historian nola landu den, eta heriotzari buruz idatzi duten beste egileei ere erreferentzia egin die.

Heriotza aurreko bost etapak

Atal batean heriotzatik gertu dagoen jendearekin lan egiten duten pertsonen testigantzak txertatu ditu. Adibidez, Elisabeth Kübler-Ross ageri da, erizaina, hilzorian zeuden pertsonei fase hori onartzen laguntzen ziena. Berari esker ezagutzen dira gaur egun heriotza aurreko faseak (edozein motatako doluari aplika dakizkiokeenak): ukazioa, haserrea, negoziazioa, depresioa eta onarpena.

Hil ondorengo zeremoniei dagokienez, Indonesiako tokibatean egiten den erritua aipatu zuen aurkezpenean Gazteluk: «Gorpuak momifikatu egiten dituzte eta etxean gordetzen dituzte hilabete edo urteetan, hileta egin arte. Bitartean zaindu eta orraztu egiten dituzte hildakoak. Hileta da prozesuaren amaiera, eta senide guztiak elkartzen direnean festa handi bat egiten dute».

Mendebaldeko gizartean gaur egun heriotzarekin dugun harremana oso bestelakoa da; askoz arrotzagoa zaigu, baina beti ez da horrelakoa izan. Izan ere, Euskal Herrian bertan, duela mende batzuk heriotzaz hitz egitea normala zen, «umeak gaubeiletan egoten ziren eta emakumeek bertsoak kantatzen zituzten».

Liburuan heriotza landu duten beste egileak aipatzerakoan, ageri dira Joan Didion, bikotekidearen dolua jaso zuena “Pentsamendu magikoaren urtea” lanean (Pulitzer saria irabazi zuen); Isabel Allenderen “Paula”, bere alabaren heriotzaren ingurukoa; Miguel de Unamuno bera, sei urterekin aita galdu zuena eta bere semeak adin bera zuenean hil zena, edo Xabier Lete, emaztearen galeraren ostean sortu zituen poemekin.

Gazteluren ustez, oso garrantzitsua da dolua ondo egitea, heriotza «gure bizitzarekin integratzeko» eta, nolabait, askagarria izateko.