Andoni ARABAOLAZA
EUROPAKO MENDIAK

Nesken aldarri ozena, Peña Santako “Rayu” bidean

Brette Harrington, Matilda Soderlund eta Sasha DiGiulianek osatutako sokadak 600 metro luze den eta, gehienez, 8c maila duen marra horren lehen errepikapena sinatu berri dute.

2020. urtea. Hiru mutil: Eneko eta Iker Pou anaiak eta Kiko Cerda. Hirukote horrek Peña Santako hegoaldeko (Europako Mendiak) “Rayu” bidea sortu zuen. Irekitzeaz gain, puntu gorria jarri eta 600 metroko marra horrentzat 8c zailtasuna proposatu zuen.

2022. urtea. Hiru neska: Brette Harrington, Matilda Soderlund eta Sasha DiGiulian. Hirukote horrek “Rayu”-ren lehen errepikapen absolutua erdietsi du. Hortaz, lehen igoera femeninoa ere bada.

Zalantzarik gabe, arrakasta handia izan da; besteak beste, orain arte murru luze batean talde femenino batek ez zuelako 8c mailako luzerik gainditu. Horregatik guztiagatik, Harrington, Soderlund eta DiGiulianek sinatu dutenak oihartzun itzela izan du hedabide guztietan.

Pou anaien “Orbayu”-k (8c, 500 m, Picu Urriellu) ez bezala, Peña Santako “Rayu”-k ez du “jarraitzailerik” izan. Nazioartean, bederen, “Orbayu”-k ospe handia hartu eta hainbat eta hainbat errepikapen izan ditu. “Rayu”-k, aldiz, duela aste batzuk jaso du lehena. Hortaz, pixkaka izan arren, marra horrek dituen ezaugarriak argitzen hasi dira. Zabaldu zutenek horren berri eman zuten; lehen errepikapena sinatu dutenek, bestalde, baieztatu dute asko eskatzen duela.

Bi zati ezberdin ditu “Rayu”-k. Lehen zazpi luzeetan ez da 7b baino gehiago eskalatu behar. Baina irekitzeko estiloak garrantzia hartzen du; izan ere, luze horietan guztietan nork bere burua babestu behar du. Hots, parabolt oso gutxi ditu. Bigarren zatiak, berriz, zailtasun tekniko gorenak jasotzen ditu. 8c da bidearen giltza. Luze bertikalak, atseden hartzeko ia lekurik ez eta zailtasun iraunkorra; batez ere, zazpigarren mailan.

DiGiulian izan da proiektu horren bultzatzaile nagusia. Berez, “Orbayu” probatzeko gogo izugarria zuen, baina, hainbat aholku jaso ondoren, “Rayu”-ra joatea erabaki zuen. Talde horren osaketari dagokionez, nabarmendu behar dugu bakoitzaren gaitasunak ondo baino hobeto aprobetxatu dituztela goi mailako jarduera hori aurrera eramateko. Soderlund eta DiGiulian, adibidez, muturreko zailtasunean espezialistak dira: kirol eskaladan 9a eta boulderrean 8b egitea zer den badaki suediarrak; estatubatuarra bederatzigarren esferan sartu zen hirugarren emakumezkoa izan zen. Eta Harrington? Estatubatuarrak eskalada tradizionalean egundoko sasoia erakutsi du. Duela urte batzuk, Saint-Exupery erpineko “Chiaro de Luna” bidea bakarka igo eta eskalatzaileen komunitatea ahoa bete hortz utzi zuen.

«EROMEN HUTSA»

Agerikoa den bezala, “nahasketa” polita, talde femenino horrek osatutakoa. Nahiz eta arrakasta hirurena izan den, bidearen giltza (8c) Matilda Soderlund eta Sasha DiGiulianek kateatu zuten. Ez, ordea, Brette Harringtonek. Dozena bat ekinaldi egin zituen Harringtonek, baina luze hori ezin izan zuen librean gainditu. Alabaina, ekipatu gabe (edo oso gutxi ekipatuta) zeuden luzeetan sokaburu joan zen. Hau da, eskalada tradizionalean duen eskarmentu aberatsa praktikan jarri zuen. Protagonista hauek ondo jakin dute kudeatzen luze bakoitzaren ardura. Matilda Soderlund eta Sasha DiGiulian luze teknikoenetan sokaburu joan dira; Harrington, berriz, trad estiloko luzeetan. Eta horietan guztietan txandakatu dira.

Proiektu hori biribildu ahal izateko, hilabete oso bat behar izan dute. Lehenik eta behin, banan-banan luze guztietan era askean jardun zuten. Eraginkortasunari indarra emateko eta denbora aurrezteko, luze batzuetan aldi berean eskalatu zuten. Jakina, 8c mailako luzean bestelako estrategia erabili zuten. Lan horiek guztiak bukatu bezain laster, sare sozialetan aurreratu zuten bigarren helburuari, lurretik hasitako ekinaldiari, ekiteko pronto zeudela. Horretarako eguraldia lagun izan behar zuten.

“E” eguna heldu eta, aurreratu dugun bezala, egun luze baten ondoren, talde horrek “Rayu”-n arrakasta lortu zuen. DiGiulianen hitzak oso adierazgarriak dira: «8c mailako luzean egin nuen azken ekinaldia eromen hutsa izan zen. Hamaikagarren luzea da, eta lurretik ia 500 metrora dago. Kareharria oso ona da, baina, oso gogorra izateaz gain, heldulekuak ez dira oso ondo ikusten. Dinamiko zail bat egin behar da; 45 metroko luze horretako mugimendu gogorrena da! Ozta-ozta harrapatu nuen helduleku hori. Den-dena eman behar izan nuen bilerara erorikorik gabe heltzeko. Matildak ere giltza hori ondo gainditu zuen. Zoritxarrez, Brettek ez zuen lortu. Hala ere, “Rayu” talde modura kateatu dugu. Matilda eta biok luze guztiak era askean igo ditugu, baina Brettek trad estiloan duen eskarmentuak asko lagundu du marra horretan erabateko arrakasta izateko. Ikaragarria da nola eskalatzen duen estilo horretan; Matilda eta biok asko ikasi dugu».

Irailaren 22an lan guztiak amaitu zituzten. 16rako, Suderland eta DiGiulianek bidearen giltza patrikan zuten, baina, aurreratu dugun bezala, Harringtonek zintzilik zuen: «Talde bat garenez, Bretteri laguntzera abiatu ginen. 12an bidean sartu ginen, eta 16rako Matilda eta biok 8c hori sinatuta genuen. 16tik 24ra bitartean, Brettek jo eta su jardun zuen luze horretan, baina, gainditzea lortu ez zuenez, aurrera jarraitu eta bidearen luze guztiak eskalatu genituen».

Protagonista hauek onartu dute eskalada osoa ondo joan zela; soilik ezusteko bat izan zuten. Soderlundek horren berri eman du: «Ohartu gabe harrizko bloke bat bota nuen; ia Sasharen gainean erori zen. Esan digutenez, “Rayu”-k ez du bisitarik izan, eta hainbat luze garbitzeke daude oraindik. Luze batzuetan arroka soltearekin egin genuen topo. Tarte batzuetan hobe zen erorikorik ez izatea, eta hainbat eta hainbat artesi zikin zeuden. Horrek friendak eta fisureroak ondo jartzea eragotzi zigun. Zorionez, ez genuen eroriko arriskutsurik izan».

Soka talde honek argi utzi nahi izan du “Rayu”-k ez duela zerikusirik kirol eskaladako bide batekin: «45 metroko 8c mailako luzeak, adibidez, soilik zazpi parabolt ditu. Horrez gain, pauso zailenean friend txiki batzuk jarri behar dira, eta Brettek zioen eroriko bati ez ziotela eutsiko. Gainera, tarte batzuetan arroka oso zorrotza da, eta hatzak segituan odoletan zeuden. Horiek babesteko esparatrapua jartzen genuen».

Amaitzeko, “Rayu”-n izaniko arrakastaren inguruan DiGiulianek hausnarketa hau egin nahi izan du: «Hormatzar batean zailtasun handiko bide bat probatu nahi genuen, baina era askean. Esperientzia horretan sakondu nahi genuen, eta “Rayu”-n bizi izandakoa oso aberatsa izan da. Arrakasta lortzea ez da batere erraza izan, eta une batzuetan uste nuen ezinezkoa izango zela. Gai izan gara hori lortzeko, eta horrek erakusten du eskalatzaileok gaitasuna dugula nortasun handiko erronkak egiteko. Horretarako joan ginen Europako Mendietara».