Amaia U. LASAGABASTER
EIBAR

Eibarrek bisitari ahulena hartuko du, aukera eta betebeharra batuz

Aketxe deialdira itzul daiteke.
Aketxe deialdira itzul daiteke. (Jaizki FONTANEDA | FOKU)

Eibarrek jardunaldia amaituko du gaur (21.00, LaLiga Smart TV), beste behin ere, 2. mailako bisitari ahulena Ipuruan hartuta.

Puntu bakarra lortu du Mirandesek etxetik kanpo. Bere ibilbide kaskarrak Eibarrenarekin talka egingo du, etxeko puntu guztiak eskuratu dituen talde bakarra baita armagina. Estatistikei eutsi nahi die, beraz, jardunaldiak eskaintzen dion aukera aprobetxatzeko. Izan ere, irabaziz gero, bigarren postura igoko litzateke, Alavesetik puntu bakarrera.

Eutsi nahi die eta beharra ere badu, aurretik dituen taldeak kili-kolo ibili diren bitartean, atzekoek aurrera egin baitute. Eibarrek, gainera, etxetik kanpo jokatuko ditu hurrengo bi partidak -Ibizan ostegunean eta Xixonen astelehenean- eta Ipuruatik urrun puntuak kostata lortzen dituela kontuan hartuta, zaleek eskaintzen dioten babesa aprobetxatzera behartuta dago taldea.

Venancio eta Javi Muñoz, zigortuta, harmailan geratuko dira. Baita, printzipioz, Rios Reina eta Chema ere, lesionatuta. Baliteke, berriz, Aketxe eta Berrocal prest egotea.