Arnaitz GORRITI
BILBAO BASKETEN DENBORALDI HASIERA BIKAINA

Jokalari multzo izatetik talde bilakatzeko bidean jo eta su

Ez da bilbotarrek denboraldiko aurreneko lau partidak irabazten dituzten lehen aldia eta, ondorioz, oraindik goiz da horrek noraino eramango dituen esateko, baina igandean Valentzia Basketen aurka irabazi izanak -nahiz eta Smithek, Alonsok eta Hakansonek egun txarra izan- gauza onak ematen ditu aditzera. Hilabete amaieran, hala ere, dena argiago ikusiko da, onerako zein txarrerako.

(Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Goiz da oraindik Bilbao Basketek uste baino gailur altuagoak iris ditzakeela esateko, baina egia da, bestalde, inork gutxik espero zuela ACB Ligako aurreneko hiru jardunaldiak pasatu eta Txapeldunen Ligako aurreneko partida jokatu ostean beltzezko gizonek partida bakoitza garaipena ospatuz amaituko zutenik. Are gehiago iazko ACB Ligari jaramon egiten badiogu; iaz bilbotarrek Badalonan galdu egin zuten, eta etxean Valentzia Basketen aurka denboraldi hasieratik bilaturiko hamabigarren garaipena lortu bazuten ere, gero play-offetarako bidea, txartela ia eskuan zela, Betisen aurka luzapenean galdu eta zortzi onenetatik at geratu zen. Alegia, iazko balantzea 1-2 atera zuen taldeen aurka, aurten 3-0ekoa atera du, Europara itzuli berritan lortu duen garaipena ahaztu gabe eta, jakina, Goudelock, Rigo eta Ubalen bajak aintzat hartuta.

Igandeko partidari so, orain arte jokaturiko neurketetan protagonista izan diren Smith, Alonso eta Hakanson jaurtiketetan batere fin ez zirela ibili ere kontuan hartu behar da. Egia da partida erabaki zuen hirukoan asmatu zuela Smithek, eta Alonsok zein Hakansonek bota zituzten 14 jaurtiketa libreak sartu zituztela baina, era berean, hiruren artean 9 hirukotik bi bakarrik sartu zituzten; are okerrago biko jaurtiketetan: 11tik bakarra.

Jaume Ponsarnau honela mintzatu zen partidaren ostean: «Atsedenaldian Adam -Smith-, Francis -Alonso- eta Alex -Reyes- punturik sartu gabe zeuden. Neurri batean Valentzia Basketen lanari esker gertatu zaie hori. Baina beste jokalari batzuk azaldu dira behar genituen puntu horiek sartzeko. ‘Sule’-k -Emir Sulejmanovic- sekulako nortasuna duela erakutsi du, baina Nikok ere bai -Nikola Radicevic-, eta, horrez gain, beren jokoa aurkitu ezinik zebiltzan jokalari horiek azken aldera azaltzeko prest egon dira. Hain jokalari multzo konprometitua entrenatzeaz oso harro nago. Orain ez ditut ‘jokalariak’ aipatzen, ‘multzoa’ baino; egiazko ‘taldea’ gara ia».

HASIERA ONAREN AJEAK

Ez da Bilbao Basket ederki hasten den aurreneko aldia. Jakina da beren garai onenetan bilbotarrek ACB Ligako goiko muturra ere ezagutu dutela eta uneotan Txus Vidorretaren Teneriferen atzetik bigarrenak dira, Real Madrilekin batera, aurreneko hiru partidak irabazita.

«Garaipenak ospatu egin behar dira», esan zuen Ponsarnauk. «Asteartetik aurrera [gaurtik] lanera bueltatu behar dugu ongi jokatzen duen talde bat izan behar dugulako. Valentzia Basket bezalako talde bikainei irabazteko gai den taldea osatu nahi dugu gero ere, eta hau martxan jarri delarik, ez dago gelditzerik; are gehiago, geldituko bagina, ACB Liga gainetik pasako litzaiguke», ohartarazi zuen Tarregakoak.

Bilbao Basketek denboraldia 4-0 hasi zuen azkenengo aldia 2016/17 denboraldia izan zen, Carles Duranen aginduetara. Eta orduko hartan aurreneko itzuliaren amaieran bilbotarren balantzea 7-10ekoa izan zen: Kopatik at eta Europatik -Eurocupa jokatu zuen denboraldi hartan- kanpora aurreneko fasean. Bigarren itzulian ere bolada bikain batekin hasi zen, baina denboraldia azkenean 14 garaipenekin itxi zuen, play-offetako postuetatik oso urrun.

Gogoan izan behar da, bestalde, joan den denboraldian aurreneko bost partidak galdu zituela Bilbao Basketek, eta Fuenlabradaren aurka lortu zuen lehenengo garaipena. Azkenean, 16 garaipenekin amaitu zuen denboraldia, play-offak jokatzeko zorian.

URRIKO ERRONKAK

Hurrengo neurketek erakutsiko dute Bilbao Basketek denboraldi hasiera bikain honi eusteko ahalmenik duen. Aurkarien scouting lana zorrotzagoa izango da -Valentzia Basketek Adam Smith, Ludde Hakanson eta Francis Alonsorekin erakutsi zuen moduan- eta horren aurrean zerbait egin beharko du talde bizkaitarrak.

Hala, datorren larunbatean Granadaren kantxan jokatuko dute beltzezko gizonek 18.00etan, eta, hilaren 22an, berriz, Lugon, Veljko Mrsicek zuzentzen duen Breoganen aurka arituko dira. Europan, berriz, Turkiako Bahcesehir College taldea etorriko da Miribillara bisitari, hilaren 18an, 20.30etik aurrera. Azkenik, urriari agur esateko, euskal derbia izango da Bilbao Arenan, Saski Baskonia azalduko baita hilaren 30ean 20.00etan. Lau neurketa horietako emaitzek eta jokoak garbiago erakutsi dute Bilbao Basketen egiazko lekua zein den, klubak «jokalari multzo» izatetik «talde» izatera pasatzen diren sasoian.