Amaia EREÑAGA
DURANGO

Ohiko formatua berreskuratuz, «eztanDA!» egitea espero du Azokak

Aurreko bi urteak atzean utzita, Azokaren 57. edizioa betiko moldean egingo da, abenduaren 7tik 11ra bitartean. Aurtengo leloak «eztanda» hitzarekin jolas egiten du.

Ruben Ramosek sortu du kartela.
Ruben Ramosek sortu du kartela. (Oskar MATXIN | FOKU)

Durangoko Azokako Landako gunean atzo goizean eginiko prentsaurrekoan, orain bi urte sinestezina zirudien irudia: pabiloiaren kanpoaldean, gaur arratsaldean hasiko diren sanfaustoetarako txosna eta agertokien muntaketa -aurreko bi urteetan ez da herriko jairik izan Durangon-; eta Landako barruan, abenduaren 7tik 11ra egingo den Azokaren 57. edizioari buruz mintzatu ziren guztien ahotan, baikortasuna.

Nerea Mujikak, Gerediagako lehendakariak, egoera horrela laburbildu zuen: «Egoera zaila izan arren, Azokak bizirautea eta aurrera egitea lortu du. Aurten, zorionez, ospatzeko garaia iritsiko da! Azokaren unibertso osoa bueltatuko da, aspaldiko lagunekin topatu eta elkar besarkatzea, goizeko 10.30ean ikasleak Landako gunera korrika sartzea, zure sortzaile gustukoenaren sinadura lortzea, kuadrillarekin eguneko eta gaueko plana egitea...».

Pandemiak, halere, hainbat irakaspen utzi ditu. Esaterako, ohiko aurrez aurreko erakusmahaiez eta egileen aurkezpenez aparte, aurreko bi urteetan Azokak bizirauteko hain baliagarriak izan diren online dendari (7tik 10era egongo da zabalik) eta streaming bidezko konexioari eutsiko diete. Ahotseneko kontzertuak eta ekitaldiak streaming bidez etxetik ikusi ahalko dira aurten ere.

Big Bang-a kulturan

Aurtengo kartela berritzailea da erabat, publiko gaztearen gustukoa, seguruenik. Ruben Ramos diseinatzaileak sortu du. Ibilbide luzeko diseinatzaile eta sortzaile honek azken urteetan hainbat agentzia, negozio txiki, konpainia handi eta erakunde publikorentzat lan egin du; esaterako, Zinemaldiarentzat, Jazzaldiarentzat eta Loreak Mendian markarentzat. Aise Studioa sortu du aurten. Horrez gain, musikaria ere bada sortzaile donostiarra.

“Eztanda” kontzeptua izar itxurako marrazki batekin irudikatu du kartelean Ramosek, Big Bang txiki bat islatuz. Kartela inklusiboa izatea nahi izan du -«agertzen diren pertsonak ez dira ez emakume ez gizonezko», aipatu zuen-, garaikidea, retroa eta psikodelikoa.

Ohiko formatua berreskuratuko du azokak, beraz, edizio honetan, azken bi urteetako egoera bereziaren ondotik. Aurten “eztanDA!” lelopean egingo da, “eztanda” kontzeptuak laburbiltzen baitu 57. edizio honetan bizi nahi dena: «Sorkuntzaren eta jaiaren eztanda izango da: Durango osotik eta Euskal Herri osora zabalduko den eztanda. Bost egunez iraungo duen eztanda!», adierazi zuen Nerea Mujikak.

Lehenengo egunetik, azken hiru urteetan ikusi ez den irudia ikusiko da: milaka gaztetxo bilduko baitira Ikasleen Goizean. Eta lehen berritasun bat: azken urteetan bezala, Azokak jarraipena izango du “Zu non, han DA” egitasmoaren bidez hamaika liburu-dendatan baina, lehenengoz, liburu-aurkezpenak ere antolatuko dira herriko eta hiriburuetako liburu-dendetan.

Egia esan, urte sasoi berezia da hau durangarrentzat. Esaterako, hiru urteko geldialdiaren ostean, sanfaustoak itzuliko dira gaur Patxikotxu eta Pantxikerekin, jaietako bi ikurrekin. Azoka ere, aurki, baina ez da prestatzen ari den itzulera bakarra, Plateruena kafe antzokiak berriz ateak zabal ditzan (2020an itxi zituen) lanean ari baitira.

Jaiak eta itzulerak

Ima Garrastatxu alkateak Plateruena berrirekiko dutela ziurtatu zuen: «Lanean gabiltza Plateruena zabaltzeko -argitu zuen-. Astelehenean aurkezpen bat egin genuen talde eragile bat antolatzen ari garelako, eta hilabete honetan osatu nahiko genuke. Urtea bukatu aurretik espero dugu Plateruena zabalik edukitzea. Dena ez dago gure esku, gai teknikoak eta juridikoak daudelako oraindik lotzeko, baina ez gara gelditu: itxi zenetik lanean aritu gara eta, agian kanpoan ez da sumatu, baina sator lanak egin behar izan ditugu, lasaitasunez egin behar diren sator lanak. Plateruena Azokan irekiko da, Gerediagarekin dagoen hitzarmenean sartzen delako, baina espero dugu abenduan definitiboki zabaldu ahal izatea edo, bestela, urtarrilean».