Aitor UNANUE ALBIZURI
KOLABORAZIOA

Energia lapurrak Sañura begira

Gure energia iturriak guk eta guretzat erabiltzea da burujabetza energetikoa. Nik nireak, guk komunitatean gureak, herriak bereak. Horrela herritarrak besteri argindar fakturarik ordaindu behar izan ez diezaion.

Sañun, Zestoa, Errezil eta Azpeitiko muga inguruan Statkraftek ezarri nahi duen zentral eolikoa ez da herriaren proiektua, ez da gure argindar faktura merkatzeko edo ezabatzeko guk eta guretzat sortu dugun egitasmo bat, justu alderantzizkoa baizik.

Gure herriaren lur eremukoak diren energia iturriak lapurtzera datorren proiektu bat da, ondoren argindarra merkatuan guri saldu ahal izateko, haiek nahi duten prezioan. Herritarroi energiarekiko mendekotasuna edo dependentzia handiagotuko digun egitasmo bat da, gure energia iturri baten jabe egingo baitira.

Independentzia hitza lau haizeetara zabaltzen dabilen alderdi baten laguntzaz egin nahi da; baina gu dependentzian sakonduz. Jokaldiaren diseinua biribila da, ingeniaritza soziala (faxismoa).

Multinazional jakin batzuen irabaziak biderkatzeko asmoz, herri soil batek dituen energia iturriak lapurtzeko ekimen bat da. Une oro herritarren interesek agindu behar luketen demokrazia batean lekurik ez duena.

Oñatiko Udalak, aldiz, bere lur eremuko ur jauziez, energia burujabetzan emandako urratsak bai izan zirela esanguratsuak zentzu horretan. Beraiek beraientzat modu deszentralizatu batean ustiatzen baitituzte ur jauzien bidezko energia iturriak, landa eremurik kaltetu gabe. Herritarrak Iberduerori (edo Goienerri) fakturarik ordaindu gabe argindarra izan dezaten euren etxeetan. Burujabetza energetikoan horiek dira urratsak, hau alderantzizko noranzkoa da ordea.

Mendi gainak txikitu, industrializatu, hegaztiak uxatu eta akabatu, ehiza galarazi, egundoko zarata eragin, paisaia hondatu, megalitoak hautsi eta bestelako kalte ugari egiteaz gain, guk eta guretzat erabil dezakegun energia iturri bat lapurtzera dator proiektu hau.

Ekimen hau bat dator Europan gertatzen ari denarekin. Europarren dependentzia energetikoa areagotzen dihardute bertako politikariek, multinazional jakin batzuen mesedetan. Hor kokatzen dira Pedro Sanchezek Aljeriarekiko erakutsi duen jarrera, AEBek North Stream gas hodien aurka burutu duten leherketa, Errusiarekiko harremanen mozketa behartua (kontinente bereko energia iturri merkea galaraziz), eta abar.

Ez lehen eta ez orain, hirugarren hamarkadaz, zentral eolikorik ez!