Esti EZKERRA
Literatura kritikaria

Etorkizunekoak

Bi egun iraun zuen sinposiumak hainbat artista indigena bildu zituen. Bakoitza artelanak sortzeko bere prozesuaz mintzatu zen: koadroez, eskulturez, idunekoez, muralez. Estiloak estilo eta teknikak teknika, artista guztiek azpimarratu zuten arbasoengandik jasotako jakintzatik abiatuta sorturiko arte garaikidea dela haiena. «XXI. mendeko indioak gara», adierazi zuen artistetako batek, «nahiz eta batzuek iraganeko kontutzat gauzkaten. Hala eta guztiz, hemen gaude eta hemen jarraituko dugu etorkizunean ere». Ez zioten alferrik “Etorkizuna gogoratuz” izenburua jarri sinposiumari; etorkizunaren haziak iraganean daude, esploratzeke maiz.

Ingelesez “to play Indian” esaten diote zuriek indigenatasunarekin lotzen duten estetika eta jokabide modu baten arabera aritzeari. Estereotipoei dagokien bezala, aurreiritzietan oinarrituriko indigenei buruzko irudi sinplista bultzatzen du, eta indigenak haren aurka egiten badu edo bere itxura fisikoak eta jokabideak irudi horrekin bat egiten ez badu (indiarrarena egiten ez badu), nahikoa indigena ez dela aurpegiratuko diote. Sinposiumeko artistei entzun ostean, egunean zehar komunitate ezberdinetako kideek eskainitako musika, uztai dantzak eta bestelako kultur erakustaldiak ikusi ostean, pentsatu nuen euskaldunen inguruan, euskal kulturan eta hizkuntzan bizi nahi dugunon inguruan antzeko aurreikuspenak ez ote dauden. Ingelesezko esapidea parafraseatuz, “to play Basque” egitea ez ote zaigun eskatzen maiz, benetako euskaldunak ote garen frogatzeko.