Arnaitz GORRITI
SASKIBALOIA

Granadaren abiadurak airean eta estropezuka eraman du Surne Bilbao Basket

Hirugarren laurdenean 56-58 aurreratzea lortu dute bilbotarrek, baina Radicevicek min hartu eta 24-8ko partziala jaso dute une zehatz horretan.

Jeff Witheyren 21 puntuak ez ziren nahikoa izan garaipen boladari eusteko.
Jeff Witheyren 21 puntuak ez ziren nahikoa izan garaipen boladari eusteko. (F. RODRIGUEZ | ACB PHOTO)

Beti ezin da irabazi, batez ere aurkariak musika jo eta norberari dantza egitea dagokionean. Granadaren etxean, denboraldiko aurreneko porrota jasan zuen atzo Surne Bilbao Basketek, eta bilbotarrek merezita galdu zutela esatea baino egokiagoa da andaluziarrek merezita irabazi zutela: 99-84.

Abiada bizian jokatu zuten Pablo Pinen gizonek; jokatu zutenetatik seik 10 puntu edo gehiago saskiratu zituzten eta bigarren erdian beltzezko gizonek hiruko jaurtiketetan izan zuten beherakada ederki baliatu zuten, nahi bezala aldea atera eta irabazteko. 20 puntuko abantaila ere izan zuten Granadakoek eta burumakur itzuli behar izan zuten Jaume Ponsarnaurenek etxera.

HIRUGARREN LAURDENA

Burumakur, ordea, ez porrotagatik bakarrik, Nikola Radicevic antolatzaileak min hartu zuelako baino. Bilbao Basket hirugarren laurdenaren hasieran baino ez zen aurretik jarri, 56-58, 3-10eko partziala erdietsi ostean. Berehala eman zion buelta markagailuari Granadak eta neurketa berdintzeko ahalegin horretan Radicevicek eskuin oinean min hartu zuen eta ezin izan zuen gehiago jokatu. Orduan hautsi zen dema, 24-8ko partziala sartu baitzion Andaluziako taldeak Bilbao Basketi.

Une horietan, bestetik, Jeff Withey aulkian zen, atsedena behar zuelako, baina hain justu Withey izan zen erasoan Bilbao Basketen ekimena eraman zuena -21 puntu lortu zituen- eta berak beherantz egin zuenean, Bilbao Basket ez zen neurketa berdintzeko gauza izan.

Bestalde, bizkaitarra da ACB Ligan baloi gutxien galtzen duen taldea, baina atzoko partidan 10 galdu zituen. Ez ziren larregi, baina horietatik gehienak laugarren laurdenean jazo ziren. Azken zati horretan markagailua 80-66 zegoen, baina bilbotarrak ez ziren kapaz izan azken minutu horietan lehiakor izateko.