Ane URKIRI ANSOLA
PILOTA

Peñak zaintiratua izan eta grazia kendu dio Altunaren garaipenari

Markagailuan aurretik zela (12-14), izterrean mina sentitu zuen aurrelari tolosarrak eta, kantxara itzuli bazen ere, ez zuen hasierako maila eman.

Jon Ander Peña, boleaz ematen.
Jon Ander Peña, boleaz ematen. (Raul BOGAJO | FOKU)

Ogeta pilotalekuko harmailak ez zeuden beteta; espero baino jende gutxiago hurbildu zen Altuna III.a eta Peña II.aren arteko demara eta hurbildu ez ziren horiek lehen zati aparta galdu zuten. A ze intentsitatea, a ze erasoak, a ze bi paretak, a ze bihurrikeriak... Amezketakoaren aldetik ere bai, baina batez ere Jon Ander Peñaren aldetik. Tolosarra fin aritu zen, kaiola gustuko duela erakutsi zuen eta erasokor hasi zuen partida. Lastima partida zatirik erabakigarrienean sartu zenean zaintiratu bat sentitu eta horrek lehia erabat baldintzatu zuela. Bestela, batek daki nork irabaziko zukeen final- laurdenetako lehen jardunaldiko partida hori.

Jon Ander Peñak Urrutikoetxea kanporatu zuen final-zortzirenetan eta atzo ia apustu guztiak Jokin Altunaren aldekoak ziren. Faborito argia zen, baina ederki sufritu behar izan zuen lehen puntua batzeko. «Merezita irabazi» zuela onartu zuen tolosarrak, azken txanpan beldurrarekin jokatu zuela onartu zuen arren. Lehen sakea urdina izan zen eta, hala, lehen partziala sartu zuen Peñak (0-2). Erantzun zuen Altunak, ondo erantzun ere, 7-3raino joan baitzen. Baina ez zuen sekula lortu partida apurtzea, Peña partidan oso bizirik baitzegoen. Halaxe adierazten zion bere botileroak ere, sinesteko.

Zabalera eginiko dejada bati esker, sakea bereganatu zuen eta Altuna erabat «deskolokatu» zuen. Halaxe onartu zuen amezketarrak partida bukaeran ere. 1-8ko partziala lortu zuen Peñak, lehendabizi bi tanto segidan eginda eta Altunak zortzigarrena egin ostean, beste sei lortuta.

BALIABIDE ASKO

Amezketakoa, baina, edozein modalitatetan aztia da eta 3-0ko partzial bat itzularazi zion saskiko bigarren pilotarekin. Atzokoan Jon Ander Peña ere azti izatetik gertu egon zen, batez ere 11-14ko tantoan, dotorezia handiz utzi baitzuen ezkerparetan. Tanto horiek, gainera, ez ziren hasierakoak, oraindik partida unerik erabakigarrienean sartu gabe dagoenekoak, baizik eta tanto horietan hasten da erabakitzen partida, batez ere Lau eta Erdikoan.

Baina Altunak lehen zatian partida apurtu ez zuen bezala, Jon Ander Peñak ere ez zuen lortu, batez ere izterrean sentitu zuen zaintiratuak baldintzatu zuelako. Itxura batean ondo sumatzen zitzaion kantxara itzuli zenean, korrika ere ondo aritu zen, baina bukaeran berak aitortu legez, «hondoa jo» zuen. Eta burua ondo ez badago, gorputza ere ez da ongi moldatzen. 12-14tik azken markagailura (22-16) soilik bi tanto egin zituen tolosarrak, baina biak ala biak Altunaren despisteengatik ere izan ziren.

Lehen puntua batu du, beraz, Amezketako aurrelariak. Pozik agertu zen, baina baita penatuta ere, lesioak ez baitira inorentzat pozgarri. Hurrengo igandean, Donostiako Atano III.enean, Peio Etxeberriaren aurka lehiatuko da. Zenotzekoak Dario garaitu zuen joan den asteazkenean Sorian jokaturiko partidan.

Peña: «Medikuak erabakiko du»

«Badakigu nolakoak izaten diren horrelako lesioak. Zentzuz jokatzea erabaki dut, esfortzu gehigarriren bat eginez gero bi hilabete pasa kantxetatik at egoteko arriskuaren beldurrez», onartu zuen Jon Ander Peñak ETB1eko mikrofonoetan. Izterrean sentitu zuen mina, ez udan kantxetatik kanpo eduki duen leku bertsuan, baina bai duela bi urte izan zuen lesioaren parekoa. Nolanahi ere, ez zuen sentitu orduan nabaritu zuen bezainbesteko zaintiratua eta, beraz, erretiratzeari uko egin eta partida bukatzea erabaki zuen, 14 tanto eginak zituela.

Gaur bertan egingo dizkiote proba gehiago, hurrengo jardunaldia jokatzeko moduan dagoen edo ez erabakitzeko. «Medikuak erabakiko du», adierazi zuen irmo tolosarrak. Onartu zuen «izugarrizko ilusioa» egiten diola kaiolako final-laurdenetako ligaxka jokatzeak, baina horrelako kasuetan gorputzari ere kaso egin behar zaiola.

Jokatu ahalko balu, ostiralean Tafallako Ereta pilotalekuan Darioren aurka lehiatuko da, hil ala bizikoa izan daitekeen partidan. A.U.A.