EDITORIALA

Aukera onena, herritarren erabakia, beren zerbitzukoa

Erresuma Batuko egoera politiko eta ekonomiko nahasiak aurrez aurre jarri ditu bi egitasmo ekonomiko Eskoziako independentziaren debatean uztartuta, Nicola Sturgeonen Gobernuarena eta Liz Trussen Gobernuarena, honetara ezkero Trussen programa ekonomikoa ez dena, baizik eta Jeremy Hunt Finantza ministro berriarena. Argi dago, inkestak ere tartean, proiektu ekonomikoa inoiz baino erabakigarriagoa izan litekeela Eskozian independentziaren gaineko eztabaidan.

Trussen promesa, hazkunde sendoagoa eta Erresuma Batu aberatsago bat lortzekoa, edo haren zerga programa lurperatu duen ministroarena, ez dirudi herritarren ongizateari begirakoak direnik. «Erabaki zailak eta gehienen gustukoak ez direnak» iragarri zituen Huntek; errezeta ezaguna, alegia. Erresuma Batuan bezala mundu osoan ere, denek dakite zein diren gehienak eta zein «gehiengo» horretan sartzen ez direnak.

Eskoziako Gobernuak aurkeztutako dokumentua «ekonomia justu eta ekologikoagorantz» egiteko proposamena da, «erakusten duena independentzia ez dela pertsonen eguneroko kezkekin loturarik ez duen argudio abstraktua», eta espresuki herritarren bizimodu hobea du norabidea, Eskoziako ekonomiaren potentziala aztertuta. Baina Erresuma Batuari lotuta, Eskoziaren indar ekonomiko hori desberdintasunak areagotzeko baliatzen da; horregatik, bere proiektua gauzatzeko, Londresenak bezalako tresna politikoak behar ditu. Proiektu bat, asmo bat, da; hala ere, beste proiektu ekonomiko asko ezagutu dituzte Londresen administraziopean, eskoziarren ongizatea kontuan hartu ez duten proiektu asko, baita trikimailuak eta gezurrak ere; urrunera gabe, 2014ko independentzia erreferenduma baldintzatzeko Eskozia Europatik kanpo geratzeko mehatxua erabili izana, gaur egun paradoxa lotsagarria dena.

Independentzia joera atzerakoiekin parekatzea nahiko zabalduta dago aspaldi luzetik zenbait sektoretan, eta independentzia ez da gaitz guztien sendabidea, baina aukera da, gutxienik besteak bezain zilegizkoa, eta askotan gaitz larri baten sendabidea ere bada; esate baterako, gabezia demokratikoarena. Edonola ere, administrazio bati lotuta jarraitzea hobe den edo ez, komunitate baten etorkizuna, bertako herritarrek erabaki behar dute.