GARA
DONOSTIA

Netflixek inoiz baino harpidedun gehiago ditu: 223 milioi

Milioi bat abonatu lortzeko erronka jarri zuen Netflixek, baina 2,4 milioi lortu ditu hirugarren hiruhileko honetan. Arrakasta handia streamingaren liderrarentzat.

«The School for Good and Evil», plataformaren apostu berria, aurkeztu zuten atzo..
«The School for Good and Evil», plataformaren apostu berria, aurkeztu zuten atzo.. (Michael TRAN | AFP)

Harridura sortu du Netflixek; atzo, merkatua itxi ondoren, orduz kanpo, %14ko irabaziak izan zituen truke elektronikoetan, eta 223 milioi kontutara iritsi dela jakinarazi zuen. Inoiz baino harpidedun gehiago ditu enpresak; ederki buelta eman dio urteko lehen seihileko galerari: 1,2 milioi abonatuk ihes egin zioten urtarriletik ekainera.

221,8 milioi harpidedunekin amaitu zuen 2021. urtea Netflixek. Pandemiak sareko dibertsioaren eskaera izugarri handitu zuen garaiak ziren. «Lehen seihileko zail baten ondotik, berriro ere hazkunde azkar baten bidean egon gaitezkeela uste dugu», adierazi du Kaliforniako enpresak. Urtea bukatzerako 227,6 milioi abonatu izatera iristeko helburua jarri du.

Azaroan hilabeteko harpidetza merkeago bat plazaratuko du Netflixek, publizitatearekin, bezero berriak erakartzeko eta irabazi gehiago lortzeko. Enpresaren finantza emaitzek ere merkatuaren aurreikuspenak gainditu dituzte, bereziki ekain eta iraila bitartean 1,3 milioi dolar garbi irabazi izanak, analistek espero zituzten 966 dolarren ordez. 7.900 milioi dolar fakturatu zituen.

Netflix Euskaraz

Gurean bada ekimen bat, Netflix Euskaraz, enpresari edukiak euskaraz emititzeko eskatzen diona. 2012. eta 2016. urteen artean iritsi zen Netflix estatu espainiar eta frantziarrera; gaur egun Internet bidezko munduko telebista hornitzaile handiena da, baina ez ditu orain arte euskara eta plataforma honen kontsumitzaileak izan daitezkeen 800.000 euskal hiztunak kontuan hartu.

«Netflix gaztelaniaz eta ingelesez osaturiko serie eta filmen katalogo batekin atera zen, hasiera-hasieratik, Estatu espainiarreko ikus-entzunezkoen merkatura; merkatu frantziarrera, era bertsuan: serie eta filmak frantsesez eta ingelesez eskainita», azaldu du Netflix Euskarazek bere Twitter kontuan. Enpresari egiten dion eskaera babesteko aukera ematen du hor.

Ekimen hau Pantailak Euskaraz plataforma zabalagoaren barrenean sartzen da, zeinak era guztietako pantailetan euskararen presentzia biderkatzea eta euskaldunon hizkuntza eskubideak errespetatzea eskatzen duen. Egunak daramatza bere Twitter kontuak itxita; eta, sare sozial horri kontua berrezartzeko eskatze aldera, sinadurak biltzen ari dira.