GARA
ZESTA PUNTA

Arrakasta sendotu nahi du Winter Series-ek

Mundakan egin zuten aurkezpena.
Mundakan egin zuten aurkezpena. (JAI ALAI NEWS)

Edizio bakar bat nahikoa izan du Gernikako Winter Seriesek denboraldiko zesta-punta txapelketarik garrantzitsuena bilakatzeko. Pilotari guztiek parte hartu nahi dute bertan. Katedraleko giroa itzela izaten da jaialdi guztietan, eta kirol honek neguan ere tokirik izan dezakeela erakutsi ostean, espazio hori sendotzea eta zabaltzea da antolatzaileek bigarren ekitaldi honetarako euren buruei jarri dioten erronka.

Txapelketa urriaren 31n hasiko da, Gernikako urriko azken astelehenean, eta otsailaren 19an bukatu.

Bi hilabete jokatzetik, lau hilabete jokatzera pasatuko dira pilotariak, eta 16 jaialdi izango dira guztira, iaz halako bi ia. Partida guztiak astelehenetan jokatuko dira, finala kenduta. Iaz bezala, igandean jokatuko da azken partida.

Parte hartzeari dagokionez, pilotari guztiek nahi dute neguko txapelketa honetan parte hartu. Eta, iaz hamabi izan baziren jokatzeko aukera izan zutenak, aurten zortzi bikote arituko dira, hau da, iaz baino lau pilotari gehiago, Gernikako astelehenetan zestan jokatzen. Abanikoa, beraz, zabaldu egiten da eta, bide batez, gazteentzat aukera berriak sortzen dira.

BELAUNALDI ALDAKETA

Alde batetik, Winter Series Pro-Am txapelketatik datorren bikotea dugu. Thomas Urrutiak eta Aimar Aldazabalek ondo merezita lortu dute Winter Seriesa jokatzea.

Atariko txapelketan, sei bikotek parte hartu dute eta, lehen aldia izanda ere, arrakastatsua izan da.

Bestetik, gazteen aldeko apustu argia egin nahi dute antolatzaileek, Johan Sorozabal (Biarritz, 21 urte) eta Julen del Rio (Gasteiz, 25 urte) gonbidatuz.

Beste bi berrikuntzak Jon Tambourindeguy eta David Minviell dira. Ipar Euskal Herriko bikote hau ondo ezaguna da.

Zortzi bikoteak bi taldetan banatu dituzte: Barandika-Lekerika, Erkiaga-Zabala, Olharan-Aimar eta Urrutia-Aimar A multzoan; eta Beaskoetxea-Lopez, Goikoetxea-Etcheto, Tamboutindegui-Minvielle eta Johan-Del Rio B multzoan.

Multzo bakoitzeko bi bikoterik onenek lortuko dituzte finalerdietarako txartelak.