Andoni ARABAOLAZA
ESPEDIZIOA

Tasio Martinek hegan egin du Zanskar-eko hormatzarretan

FEEC Federazio Kataluniarraren teknifikazio taldearekin eginiko espedizioan, eskalatzaile urduñarrak bi bide zabaldu ditu. Marc Torallesekin, adibidez, “Txoria Txori” (7a+, 750 m) Shafat ibarrean.

Nahiz eta 22 urte bakarrik dituen, Tasio Martin ibilbide ederra egiten ari da alpinismoaren munduan. Jarduera bikainak egin ditu, baina, horren guztiaren gainetik, zera azpimarratu behar da: zentzuzko jokabidea izaten ari da. Arriskua beti present dago, baina oso arduratsua da egiten duenarekin. Eta hori balio erantsi bat da.

Oraindik “ikasketetan” dabil, eta, bere formazioa sendotu ahal izateko, FEEC (Federacio d´Entitats Excursionistes de Catalunya) oinarri hartu du. Hain zuzen ere, Kataluniako Mendizale Federazio horrek gazteentzat antolatutako teknifikazio taldearen ordezkaria izan da. 22 urteko urduñarrak GARAri aurreratu dioenez, ikasturteari amaiera emateko Indiako Zanskar-era bidaiatu dute: «Duela urtebete hasi ginen espedizioa prestatzen. Zenbait proposamenen artean, Zanskarrera joatea jarri zen mahai gainean. Oriol Barok bisitatu zuenez, informazio pixka bat jaso genuen. Alderdi horrek bisita gutxi jaso ditu, eta ukitu gabe dauden makina bat mendi eta horma daude. Azken hamalau urtera arte, Pakistanekin izaniko liskarrengatik itxita egon da».

Ia informaziorik ez zutenez, helburu zehatzik gabe bidaiatu zuten: ibar horretara heldu, gauzak antolatu eta ingurumarian zeuden aukerak aztertu. Hori zen plana: «Denera, hamaika lagun izan gara proiektu horretan, eta kopuru hori kudeatzea ez da erraza. Marra batzuk errepikatu, beste batzuk zabaldu… hori zen asmo nagusia. Ibar ezberdinetan eskalatu dugu; batez ere, Shafaten. Nahiz eta alpinismorako tresneria guztia eraman dugun, jarduera gehienak arrokan egin ditugu. Alpinismorako ez zegoen baldintza egokirik; oso lehor zegoen. Adibidez, taldekide batzuk haranaren amaieran dagoen Rimalaye mendira joan ziren. Seimilako bat da, eta 5.800 metrora ez zuten elurrik topatu. Atzera egin zuten. Nik ere beste mendi batean ekinaldia egin nuen. Ertz batera iritsi eta hondakindegi bat zirudien. Ez zuen merezi muturreko arriskuak hartzeak. Abuztuan egon gara, eta bero handia egin du. Esan digutenez, maiatza eta ekaina dira hilabete egokienak».

Alternatiba bakarra, hortaz, harkaitza zen, eta Marc Torallesek zuzendutako gazteek hainbat hormen zirrikituetan jardun zuten. Lortutako markari dagokionez, aipagarriena da, denera, hiru bide zabaldu zituztela. Horietako bitan Martin protagonista izan dugu. Shafat mendian (5.900 m), adibidez, Jordi Mons kidearekin batera “Le gent que estimo” (6c/A1+, 300 m) zabaldu zuen. Eta Torallesekin, berriz, “Txoria txori” (7a+, 740 m), izenik ez zuen mendi batean. Hura eskalatu eta gailurra erdietsi ondoren, hildako lagun baten omenez, Guillermo Aparicio izena jarri zioten. Eskalada horretarako bi ekinaldi behar izan zituzten.

Ekaitzaren zurrunbiloan

“Txoria txori” izan da alpinista bizkaitarrak espedizio horretan egin duen aktibitate azpimarragarriena. Taldeka banatu ondoren, Martin eta Toralles kanpaleku nagusitik gertu zegoen zutoin ikusgarri batera abiatu ziren: «Baroren argazki bat bagenuen, baina oso urrunetik ateratakoa. Barok berak ez zigun ezer argitu. Google Hearth eta antzeko mapekin zutoin hori aurkitu genuen. Lehen egunean hormaren azpira hurbildu ginen. Hara iritsi eta harrizko kanal beldurgarri bat ikusi genuen. Tenperatura altuengandik kanal horretatik bloke eta harri asko erortzen ziren; bi luizi ikusi genituen! Oso-oso arriskutsua zen. Motibatuta geundenez, eskalada horrekin buru-belarri jarri ginen. Bagenekien kanal horretatik azkar igaro behar genuela; ezustekoak saihestu nahi genituen».

Sortu duten bideari dagokionez, protagonista honek aditzera eman du hasiera erraza dela, baina, ondoren, tente jarri eta eskalada gogortu egiten dela. Granitozko “ozeano” horretan artesi sistema bat ikusi zuten, eta han sartu ziren: «Lehenik eta behin esan behar dut granito itzelarekin topo egin genuela; kalitate handikoa zen. Lehen ekinaldian hamar luze zabaldu genituen; 6c+ maila arte. Denda altxatu genuen lekutik erlaitz egoki bat ikusi genuen, elur pixka bat zuena. Gure asmoa toki horretan bibaka egitea zen. Baina erlaitzera heldu eta espero genuen baino txikiagoa zen. Ondoan beste batzuk ikusi, 10-15 metroko pendulu bat egin eta bibaka antolatu genuen. Arratsaldeko laurak ziren. 5.500 metroko kotan ginen, lasai asko eta eguzkitan beroa pasatzen. Afaltzen ari ginela, txingorra hasi eta egoera okertu egin zen. Bakoitza bere erlaitzera joan, lo-zakuan sartu, manta termikoa gainean jarri eta nola hala gaua igarotzeko prestatu ginen. Atertuko zuen itxaropena genuen, baina ekaitza indartu zen: haizea, euria, elurra… Oinak eta ipurdia bustitzen ari nintzela ohartu nintzen. Larritzen hasi ginen. Harrigarria bada ere, ekaitzak arratsaldeko seietan hasi eta goizeko laurak arte iraun zuen».

Atertu zuenean, lo egiteko tartea hartu zuten; hain zuzen ere, bi ordu. Goizeko seietan esnatu zirenean, zirimiri pixka bat egiten ari zen. Baldintzak ez ziren batere onak, besteak beste, arroka erabat bustia zegoelako. Gainera, hurrengo gauerako eguraldi iragarpena ez zen batere ona. Aukera onena jaistea zenez, iltzeak eta fisureroak erabiliz, rappelatzen hasi eta dendara onik heldu ziren. Baina, kanalaren mamua iltzatuta zuten: «Jaisteko erabakia hartu genuenean, jakitun ginen kanal horretatik berriro igarotzea loteria hutsa zela eta bigarren saio bat egiteko asko baldintzatzen zigula».

Kanpaleku nagusira iritsi zirenean atsedena hartu zuten. Ez gehiegi; izan ere, taldearen planek eskalatzen jarraitzera “behartu” zituzten. Tarte horretan, Mons eta Martinek arestian aipatutako “Le gent que estimo” zabaldu zuten. Ondoren, tenperatura aldatu eta hotz gehiago egiten hasi zen. Nahiz eta kanalaren mamuak indar handia zuen, Torallesen eta Martinen motibazioa ez zen apaldu, eta bigarren ekinaldia prestatzen hasi ziren. Azkar eta arin, hori zen lema nagusia.

PISU GUTXIAGOREKIN

Hormaren oinarrira heldu zirenean, ikusi zuten, aurreko saioan ez bezala, kanaletik ez zela ezer erortzen. Horrek lasaitu zituen. Pisu gutxiagorekin eskalatzen hasi ziren: «Lehen hamar luzeak ezagutzen genituenez, azkar joan ginen. Goiko sekzioak ez genituen oso argi, baina, egundoko arrokarekin, luze ederrak eskalatzeko gai izan ginen. 7a+ mailako luzea (5.600 m) gainditu genuenean, ohartu ginen hurrengo artesia ez zela ona. Arratsaldeko laurak ziren, eta urrunera eguraldi gaiztoa ikusten zen. Urduri jarri ginen. Artesi hori jarraituz ordez, eskuinera joan eta diedro eta artesi batzuk jarraitu genituen. Hamabosgarren luzean elurra egiten hasi zen eta ikuspena oso txikia zen. Tontorrera heltzeko azken zortzi metroak, plaka etzan (45º) bat, bustita zegoen. Ezusteko bitxia izan zen. Denbora galdu gabe rappelatzen hasi ginen. Lasai hartu genuen, besteak beste, gauak harrapatu gintuelako eta nekatuta geundelako, hogei orduko joan-etorrian! Bide ederra eta zuzena sortu dugu. Zailtasunean iraunkorra da, eta garaiera nabaritu dugu. Gainera, ez dugu paraboltik erabili. Eskertu nahi nuke FEEC federazioak espedizio hau aurrera ateratzeko emandako laguntza, baita Amurrioko Mendiko Lagunak taldearena ere».