Oihana SAN VICENTE
Sorturen Nazio Kontseiluko kidea
GAURKOA

Herria gara eta abantean goaz!

Ezegonkortasuna. Gure bizitzako azken garai hauek definitzeko eskatuko baligute, sinpleki, hitz bakarrean, ezegonkortasuna aipatuko genuke askok. Ezegonkortasuna, abiadura, ziurgabetasuna, beldurra... Mota askotariko krisiek eztanda egin dute, eta egiten ari dira azken urte hauetan; krisi ekonomiko eta soziala, migratorioa, zaintzarena edota klimatikoa. Sistema kapitalistaren balioetan sostengatutako bizitzek etorkizunik ez dutela ikusten ari gara, sentitzen ari gara, ukitzen ari gara. Erregai fosilen amaiera, larrialdi klimatikoaren ondorioak, globalizazio ekonomikoa, lan-harreman eta bizi-baldintzetan izandako okertze orokorra, jendartearen pobretzearen hazkunde etengabea eta beste hamaika adibide.

Mundua pikutara doa, eta ez da ausaz gertatu. Egun dugun egoeraren atzean erantzuleak daude, eta inportantea da etengabe presente izatea. Erantzulea da sistema kapitalistak berak ezartzen duen logika neoliberala, baina erantzuleak dira ere, logika neoliberal horri jarraiki, herritarroi mundu bat, bizimodu bat, bizi eredu bat ezarri diguten politikari, enpresari eta kapitalaren bestelako morroiak. Ez da ausazkoa kontsumo-eredu basatiaren alde egitea (horretarako, erregaiak eta herriak neurriz kanpo ustiatu eta txikitu behar badira ere); ez da ausazkoa oinarrizko zerbitzuetan gertatzen ari den pribatizazioa (horretarako, zerbitzu publikoak eta enplegu publikoa deuseztatu eta zerbitzuak jasotzeko baldintzak okertu behar badira ere); ez da ausazkoa enpresen deslokalizazioaren alde egitea, zaintzen pribatizazioaren alde, politika publikoak bultzatu nahi ez izatea edota lan baldintzak okertzearen aldeko jarrera politikoa mantentzea.

Krisiek eztanda egin dute, bai. Arriskuz beteriko errelato honen aurrean, baina, aukeretarako ateak parez pare irekiak ditugula ere azpimarratu nahiko genuke. Etorkizuna dugu jokoan, hainbestetan errepikatu dugun esaldia, egun inoiz baino gaurkotasun handiagoa duena. Jokoan dugu krisi horiei irtenbidea nork eta nondik emango dien; jokoan ditugu, beraz, norabidea eta irismena, eta ondorioak nork ordainduko dituen. Partida hori epe motzean eta epe luzean jokatuko da, gaur, bihar eta etzi. Eta partida hori guk gure herrian, Euskal Herrian, jokatzen dugu.

Kapitala eta bere balio, politika eta jardunen aurrean, herri oso bat, gu, altxatu behar gara, bakoitza bere bizipen, interes eta beharretatik, baina denak batera. Kapitalaren eta faxismoaren aurrean, ezkerreko independentismoak bandera bakarra ez, bandera asko altxatu behar ditu; instituzioetatik, sindikalismotik, gazte esparrutik, eskubide ororen defentsan ari garen espazioetatik. Lema hutsetatik harago, herri honen etorkizunean pentsatzen ari den gehiengoa egon badagoelako. Badelako herri honetan proposamen estrategiko eta taktikoak egiteko gaitasuna; badira herritarron behar eta kezkei erantzuna emateko gai diren mugimendu bat, eragileak eta dinamikak; eta badago eskubide horien defentsan kalea hartzean, mobilizazioaren indarrean, sinisten duen herri baten sektore handi bat.

Ezkerreko independentismoa da une honetan, Euskal Herrian, sistema kapitalistari aurre egiteko alternatibarik eraginkorrena. Egungo arazoei erantzun eta epe motzeko neurriak proposatzearekin batera, etorkizuneko euskal Estatu baten norabidean trantsizio proposamen desberdinak egiteko gai dena. Ezkerreko independentismoa da une honetan, Euskal Herrian, Europan zabaltzen ari den olatu neoliberal eta faxistari aurre egiteko alternatibarik eraginkorrena. Zeren, kasu, faxismoaren arriskurik handiena ez baitago berau defendatzen duten alderdi nahiko ezagun horietan; arriskurik handiena gure jendartean, gure herritarrengan, gugan barneratzen ahal ditugun balio atzerakoi horietan dago.

Eta horretarako antidotoa argia da; ezkerreko independentismoaren balioetan oinarritutako bataila ematea; bataila kulturala, bataila programatikoa eta mobilizazio esparruaren eta jendartearen aktibazioaren bataila. Norabide horretan, hurrengo asteetan Bilboko kaleetan EH Bilduk deituta egingo den manifestazioak honen guztiaren mugarri behar du izan. Ez azkena, noski, baina bai berebiziko garrantzia duena. Bilboko kaleetan neurtuko dugu geure burua eta neurtuko gaituzte, entzungo dugu geure burua eta entzungo gaituzte. Harrokeriarik gabeko harrotasunaren bandera altxatu beharra dugu, herri txiki honetako parte izatearen harrotasuna, jendearen gehiengoaren alde borroka egiten duenaren harrotasuna, askatasun guztien defentsan ukabila altxatu eta irri egiten duenaren harrotasuna. Beste behin ere, munduari hitz egin nahi diogu; estatuei, beren askatasunaren alde borrokan ari diren bestelako herriei, baina baita Euskal Herrian, sektore anitzetan, ezkerreko independentismoaren balioekin bat egiten duen jendartearen gehiengoari.

Ezegonkortasuna, abiadura, beldurra. Eta parean herria, ezkerra, gehiengoak, independentismoa. Bataila honetan noraino iritsiko garen ez dakigu, baina batailatu egingo dugula ez egin zalantzarik. Aurrera joatea beste aukerarik ez du herri honek, eta guk gure onena emango dugu, norabidea justizia eta askatasunaren defentsan izan dadin; gorputzen, herrien eta munduaren askatasunaren defentsan. Bataila honen hurrengo hitzordua, azaroaren 12an Bilbon. Gora herria eta aurrera beti!