GARA
ERROMA

Meloni Italiako lehen ministro karguan berretsi du Senatuaren bermeak

Meloni, Salvini alboan duela, senatariei mintzatzen.
Meloni, Salvini alboan duela, senatariei mintzatzen. (A. PIZZOLI | AFP)

Giorgia Meloni Italiako lehen ministro berria karguan berretsi zuen atzo Senatuak. Melonik karguaren zina egin zuen larunbatean Sergio Mattarella estatuburuaren aurrean, eta asteartean Diputatuen Ganberaren babesa lortu zuen, aldeko 235 botorekin, kontrako 154rekin eta bost abstentziorekin.

Energia-larrialdia eta pandemiaren ondoriozko hornikuntza-katearen krisia izan zituen hizpide atzo Melonik. Gobernuaren konfiantza-bozketaren aurretik, Senatuaren aurrean Italiako gasa erauzteari berrekitearen alde agertu zen, herrialdea mendekotasun energetiko «onartezinetik» «askatzeko».

Arreta, ordea, Silvio Berlusconik erakarri zuen, iruzur fiskalagatik ezarritako zigorragatik kanporatu eta bederatzi urtera Senatura itzuli baita. Batez ere, Melonirekin izandako desadostasunengatik eta Vladimir Putinekin duen adiskidetasunaz esandakoengatik zegoen ikusmina. Atzo Italiak Mendebaldearekin leial jokatu behar duela eta Errusiaren erasoaren aurrean Ukraina babestu beharra dagoela aldarrikatu zuen. «Gure jarrera irmoa da, erabat argia, eta ezin da zalantzan jarri», adierazi zuen.