GARA
MUNDUKO TXAPELKETA

Euskal selekzioaren onarpena gertuago jartzen du Bilbo-Gernikaren hautaketak

Iker Espinalek jantzi zuen Biarritzeko lehen urrea.
Iker Espinalek jantzi zuen Biarritzeko lehen urrea. (PATXI BELTZAITZ)

Nazioarteko Euskal Pilota Federazioak (FIPV) oraingoz gaiaren inguruan ezer esan ez badu ere, euskal selekzioaren onarpena gertuago dagoela iradokitzen du Bilbo-Gernika 2030eko Munduko txapelketaren egoitza gisa aho batez onartu izanak. Izan ere, nahiz eta hautagaitza aurkeztu duen Bizkaiko Kultura, Euskara eta Kirol diputatu Lorea Bilbaok eta beste lau urtez federazioko presidente izango den Xavier Cazaubonek bi gauzak bereizi nahi izan, nekez ulertuko litzateke berriz ere euskal selekziorik gabeko munduko txapelketarik jokatzea gurean.

Espainiako Kirol Legean zirrikitu bat ireki duen zuzenketa adostu duten alderdi politikoek, EAJ eta PSOEk, gobernatzen dute Bizkaiko hautagaitza aurkeztu duen Foru Aldundia eta, gauzak nola gertatzen ari diren ikusita, dena ondo lotuta dutela dirudi, eta atzean sukaldeko lan handia dagoela.

Bilbo-Gernikakoa Euskal Herrian jokatuko den hamargarren Munduko Txapelketa izango da, eta Bizkaian jokatuko den lehena. Aurretik, 2026koa Argentinan, San Luisen, jokatuko da.