EDITORIALA

Nork bere neurrian, ardura hartzearen indarra

Ekiolaren babespean eratu den lehen energia-kooperatiba herritarra da Ekindar. Azpeitian sortu da eta lehen ezohiko batzarra egin du. Energiaren Euskal Erakundearen eta Mondragon Korporazioaren Krean taldearen ekimena da Ekiola, eta mota honetako enpresak sustatzea du helburu. Azpeitiko kooperatibak bazkide kooperatibistak diren herriko 526 familia biltzen ditu: horiek jabetzaren %70 ordezkatuko dute eta gainerako %30a bazkide laguntzaileek ordezkatuko dute -Udala, Kulturaz kooperatiba, Bertan merkatarien elkartea, Elikagunea eta herriko ikastetxeak-.

Subiranotasun energetikoa xede nagusi gisa finkatuta, Ekindarrek garatuko duen lehen proiektua Urrestillako lurretan hektarea bat hartuko duen eguzki-plaken parke bat eraikitzea da. Parkeak, 25 urtez, kooperatiba osatzen duten bazkide guztien etxebizitzetako argindarra bermatuko du. Trantsizio energetikoan ematen ari diren pauso guztiak, halabeharrez, mugatuak dira, baina guztiak dira, aldi berean, ezinbestekoak. Parkea datorren urteko udaberrirako egongo da martxan, Nagore Alkorta Azpeitiko alkateak jakinarazi duenez. Trantsizio horri begirako urrats argiak egiten ari dira bertan, udalerriek herritarrentzat politika publiko eraginkor, positibo eta errentagarriak gauzatu ditzaketela erakutsiz. Adibidez, Statkraften haize-erroten ekimenari buruzko eztabaidak hobeto ulertzen dira eta zintzoagoak dira, Ekindar biltzen duen testuinguruaren barruan aztertzen badira.

Klima larrialdiaren inguruan jaurtitzen diren zenbait mezuk aditzera ematen dute mundu mailako auzi honen aurrean herritarrek eta herriek ezin dutela apenas ezer egin. Fatalismo horrek ezintasuna eta geldotasuna bultzatzen ditu, etorkizuna konponbide teknologiko magikoen zain edota arduragabekeria suizida baten esku utzita. Horren aurrean, nork bere neurrian, ardurak hartu behar ditu, Lurraren eta gizadiaren aniztasunaren eta bideragarritasunaren alde egingarria dena bultzatuz eta onartezina dena geldiaraziz. Politikaren indar eraldatzailea halako dinamiketan erakusten da, herritarrekin batera alternatibak eraikiz, Urolan edo Antartikan, benetan orokorrak diren interesen mesedetan.