Oihane LARRETXEA
DONOSTIA

Assata Shakur «pantera beltza»-ren bizitzan barnako bidaia

Assata Shakur ekintzaile estatubatuarrak bizi izan zituen historiako mugarriei esker elikatu zuen umetatik eta su txikian bere kontzientzia politikoa. Pantera Beltzak taldeko kideak kartzela eta tortura ezagutu zituen aurrena; gaur arte luzatu den erbestea gero. Ingelesezko lanaren itzulpena egin du Danele Sarriugartek: «Autobiografia bat».

Danele Sarriugartek itzuli du euskarara «Assata, an autobiography» lana, ekintzaile estatubatuarrak 1988an idatzitakoa.
Danele Sarriugartek itzuli du euskarara «Assata, an autobiography» lana, ekintzaile estatubatuarrak 1988an idatzitakoa. (Gorka RUBIO | FOKU)

Familia borrokalari batean sortu zen arren, bere kontzientzia politikoa ez zuen umetatik berezkoa; hala aitortu zuen Assata Shakur ekintzaile politikoak “Autobiografia bat” liburuan. Izandako bizipenekin, nortasun bat, identitate bat, eraikitzen joan zen eta borrokarako arrazoiak elikatu zituen pixkanaka.

Estatubatuarra eta beltza. Joanne Deborah Byron 1947ko uztailean jaio zen New York hirian, eta beranduago hartu zuen beste deitura, Assata Shakur, ekintzailearena, militantearena. Pantera Beltzak eta beltzen askapenerako mugimenduko kidea izan zen, eta heriotza hainbatetan gertutik ezagutu zuen, eta bere larruan tortura eta kartzela. Eta azkenean erbestea ere bai. Kuban bilatu zuen babesa, espetxetik ihes egitea lortu ondoren. Gaur egun, FBI-k bere bila segitzen du, eta bi milioi dolar eskaintzen ditu topatzen duenarentzat.

Literaturarako duen gaitasuna agerian geratu zen 1988an, “Assata: An autobiography” obra idatzi zuenean. Jatorrizko bertsioa, ingelesez idatzia, bestseller bat da. Orain, euskaraz ere irakur daiteke “Assata Shakur, autobiografia bat”. Danele Sarriugartek itzulita, Katakrak argitaletxeak ireki digu parez pare bere bizitza «epikoa».

Izena eta izana

Gure hizkuntzan argitaratu den bertsio honek, mamiaren aurretik, ordea, baditu hainbat harribitxi. Hala nola, Joseba Sarrionandiaren hitzaurrea. Assata Shakurrek eta berak elkar ezagutzen dute, biek bilatu baitzuten babes politikoa leku berean, Kuban. Edizioak Angela Davisen hitzaurrea ere badu, Assataren auzian oso inplikatuta dagoena.

Liburua Assata Shakur gatibu hartzen duten unearekin hasten da, eta gero atalez atal txandaka kontatzen ditu atxiloalditik aurrerako momentuak eta bere haurtzarotik aurrerako une inportanteak. Bi bideak txirikordatu egiten dira, eta, autobiografia bat izan arren, militantzia politikotik egina denez, hausnarketarako tarte handia dago. Historiako mugarriak, beltzen borrokak, errepresioa, zapalkuntza, langile mugimendua… Zein izan den bere bizibidea eta bizimodua ihes egin eta Kuban erbesteratu arte. «Niretzat gauza asko nahasten dira, bai atal biografikoetan bai atxiloaldi osteko ataletan. Badago garai bat, gizarte bat, familia bat, eta horien bidez gauza pila bat ezagutzeko aukera», esan zuen itzultzaileak Donostiako aurkezpenean atzo.

Ekintzailearen bizitzako pasarte politiko eta pertsonalen bidez ezagutu ahal da nola eraikitzen den pertsona baten identitatea. Bada, nolabait, bere bizitzan barnako bidaia zirraragarri bat. Badago eduki politikoa eta eduki pertsonala, badago maitasuna eta amatasun ezindua, besteak beste. Pantera Beltzekin nola bat egin zuen xehatzen du, eta kontatzen ditu barruan egondako liskarrak, FBIk ze inteligentzia programa izan zuen Pantera Beltzak deuseztatzeko… Ezin da harremanek liburuan duten pisua aipatu gabe utzi. Ama, aitona-amonak, artea eta musikarekiko zaletasuna transmititu zizkion izeba, bere alaba eta mugimenduetako kideak.

Testigantza baten balioa

Angela Davisen hitzaurrea ingelesezko edizioan 2001etik aurrera argitaratzen da. Hedoi Etxarte editorearen ustez, kontraposizio hori «oso interesgarria da», zeren Angela Davisek eta Assata Shakurrek distantziatik behintzat antzekotasun handiak izan ditzaketen arren, «bata da izugarri ezaguna, ikono bat, eta bestea ez».

Desberdintasun horren erroa «oso kontu politikoa» dela iritzita, honakoa gogorarazi zuen: «Erakundeak eta mugimenduak jende pila batek osatzen dituzte, eta batzuk ikusgarriak dira eta besteak ez. Eta Assata Shakurren testigantzaren balioa ere hor dago».