Estibalitz EZKERRA
Literatura kritikaria

Zapiaz (I)

Bortxatu berri duten adin txikiko neskato bat, laguntza eske. Inguruan gizon multzoa, mugikorrak eskuan, odoletan den neskatoa grabatzen. Inork ez du neskatoari laguntzeko keinurik egiten; nonbait, tragedia grabatzea biktima bera baino garrantzitsuagoa da. Asteon Indian jazo da hori. Gizarte sareen bidez herritar arruntek galdetu dute ea non dauden duela bi aste Iranen protestan dabiltzan emakumeei elkartasuna agertzearren ile zatitxo bat moztu zuten Bollywoodeko aktoreak (horrek ezer konponduko balu bezala). Etxean bertan emakumeen egoera penagarria da, batez ere behe kastakoena edo musulmanena. Baina gutxitan ikusiko ditugu Bollywoodeko aktoreak bi talde horien alde protesta egiten, interes profesionalak eta hein batean ideologikoak tarteko (askok ez dituzte bi talde horietako emakumeak beren pareko kontsideratzen). Mendebaldean ere kosta egiten zaigu emakume musulmanen alde egitea beren nahiak gure mundu ikuskerarekin bat ez datozenean. Bai, defendatzen ditugu Irango emakumeak, hijabaren erabilera konpultsiboaren aurka daudelako, baina zer gertatzen da buruzapi hori eraman nahi dutenekin? Inor patriarkalismoaz lezioak ematen hasi aurretik, azter ditzagun emakume musulmanei buruz ditugun usteak: gutxitan, inoiz baldin bada, onartzen diegu erabakitzeko ahalmena eta gaitasuna. Erabat menpeko irudikatzen ditugu eta geure gain hartu dugu haiek askatzeko beharra.