GARA
ETXEBIZITZAREN ARAZOA

Euskal gazteen emantzipazio nahiak, nahi eta ezin betean

Etxebizitzaren afera pil-pilean dagoen garaia da. Sarritan entzuten da gaur egungo gazteek nahiago dutela alokairuan bizi, etxea erosi baino. Hautu bat izatetik harago, irtenbide bakarra bilakatu da. Gainera, askotan etxea partekatu behar izaten dute lagunekin, alokairuen prezioak ere izugarri igo baitira azken urteetan.

Ezkerrean, Donostia, alokairurik garestienak dituen hiria. Goian, Iruñeko lokal batzuk alokairuan daudela iragartzen duten kartelak.
Ezkerrean, Donostia, alokairurik garestienak dituen hiria. Goian, Iruñeko lokal batzuk alokairuan daudela iragartzen duten kartelak. (Jon URBE - Idoia ZABALETA | FOKU)

Egun gazteek emantzipatzeko dituzten zailtasunak ez dira sekretu bat. Denok ditugu inguruan gurasoen etxeak utzi ezin dituzten pertsonak, baita etxetik joateko aukera bakarra lagunekin alokairua konpartitu behar dutenak ere. Normala iruditzen zaigu, baina askotan ez gara pentsatzen jartzen hori horrela izateko arrazoiak zein diren. NAIZ Irratiko “Bigarren Kafea” saioan horren inguruan aritu ziren pasatu den astean. Entzuleen esperientziak bildu zituzten, eta Ane Elizegi Agirre arkitektoarekin ere hitz egin zuten, gaiari buruzko datu ugari mahai gainera ekarriz.

Izan ere, azken urteetan arazoa areagotzen hasi da. Etxebizitzen prezio altuek eta prekaritate egoerak zaildu egin dute etxebizitzarako eskubidea bermatzea. Euskal Herrian 20-34 urte bitarteko 10 gaztetatik 4 baino ez dira bizi euren kasa.

Zifra onenak Ipar Euskal Herrikoak dira, 34 urtera arteko %76,9 emantzipatuta daude. Nafarroan, aldiz, gazteetatik %44 bizi dira gurasoen etxetik kanpo, eta batez beste 29 urterekin emantzipatzen dira. Egoera kezkagarriena, ordea, Arabako, Gipuzkoako eta Bizkaiko gazteek bizi dute: 25 urtetik beherako gazteen %7,4 besterik ez dago emantzipatuta; 25-29 adin tartean, %42a; eta 30 urtetik gorako %73,2a.

Datuek diote gazteek emantzipatu nahi dutela, baina ezin dutela. «Gazteen emantzipazioa 30,2 urtetan kokatzen da EAEn. Norberaren esku dago erabakitzea zein adin tartek hartzen duen ‘gazteria’. Euskadiko Gazteriaren Kontseiluak 30 urtetan ezartzen du gazteriaren amaiera. Etxebizitzetarako laguntza batzuk ematen ari dira, eta adin tartea 38 urtetara luzatzen da», aipatu zuen Elizegik. «Egoera lazgarri hau tapatzeko, laguntzen partxea zabaldu dute».

EAEko egoera Europar Batasuneko beste herrialdeekin alderatu zuten ondoren irratsaioan. Suedian 17,8 urterekin joaten dira etxetik, Danimarkan 21,1 urterekin, eta Finlandian 21,8 urterekin. «Egia da beste errealitate politiko, soziokultural, ekonomikoak dituzten herrialdeak direla, baina hamar urteko tarteaz ari gara. Euskal gazteek emantzipatu nahiko luketen adina 23,5 urtetan dago. Nahia eta posibilitate errealaren arteko arrakala sei urtekoa da, eta horrek izugarri eragiten du gazteen frustrazioan», azpimarratu zuen.

EAEn 2015etik Lakuako Gobernuak onartzen du etxebizitza eskubide subjektibo gisa, hau da, derrigortuta dagoela etxebizitza bermatzera. Baina gaur egun ez dago hau bermatzeko bezainbeste etxebizitza parke publikoan, eta konpentsatzeko laguntzak ematen dituzte. Laguntza horiek, ordea, ez dute bermatzen etxebizitzara sarbidea. Kontrara, inflazioa ematen dela uste du arkitektoak: «Merkatu librearen arauez ari gara. Laguntzekin merkatua berotu egiten da eta prezioek gora egiten dute. Etxebizitza publikoa eraikitzea epe ertain-luzerako proiektua da, eraikuntzak bere denbora behar du, eta laguntza bat-bateko erantzuna da. Biak konbinatu daitezke, baina momentuz ematen du laguntzak bakarrik daudela eta neurri hori ez dela oso efektiboa», iritzi zuen irratian.

Gizarte patriarkala bizitzako esparru guztietara iristen denez, hemen ere desberdintasunak daude gizonen eta emakumeen artean. Izan ere, EAEn emakumeak gehiago emantzipatzen dira gizonak baino, eta hau interesgarria dela -eta inkoherentea- iruditzen zaio Elizegiri, zeinak aztertu baitu nola emantzipatzen diren. «Lan egoera kaskarragoak dituzte emakumeek, eta ez soldata kontuagatik soilik; lanaldi partzialak, lan motarako gainkualifikazioa, kontraturik gabeko lan gehiago eta kontratu mugagabe gutxiago. Honek prekaritate egoera sortzen du, etxebizitzarako sarbidean oztopoa dena». Beraz, nola da posible emakumeek lehenago uztea gurasoen etxea?

«Datuek diote emakumeak gehiago emantzipatzen direla bikotean. Aldiz, bakarrik edo lagunekin, gehiago gizonak. Hor menpekotasun ekonomikoak eta afektiboak sortzen dira. Inkesta batean galdetzen zitzaien bikotearekin emantzipatzen zirenei ea bakarrik emantzipatu ahal izango luketen, eta ezezkoa zen gehienen erantzuna. Ezetz esan zutenen %70 emakumeak ziren», adierazi zuen.

Lehen etxea erostea ohikoa bazen ere, azken urteetan orokorrean alokairuan emantzipatzen dira gazteak. «Badirudi orain modernoagoak garela, nomadagoak, eta horregatik bizi garela alokairuan. Baina errealitatea da gehienek nahiago luketela etxebizitza bat jabetzan izatea. Ez dute aurrezkirik, ordea, hori egiteko. Alokairuan etxea partekatzea da geratzen zaien modu bakarra», azaldu zuen Elizegik.

Hala ere, argi utzi zuen alokairua ez dela pagotxa. «Pertsona bat alokairuan joan ahal izateko, soldataren %60 inguru gastatu behar du. Horrela ulertzen da gazteek zergatik partekatzen dituzten etxeak eta ez diren bakarrik bizi».

Hipoteka batean gehiegi zorpetzea kontsideratzen da soldataren %30a gainditzen denean, jarraian beste gastu guztiak gehitu behar direlako. %30 hori kontuan hartuz gero, etxebizitza bat zorpetu gabe ordaindu ahal izateko batez bestekoa 365 eurotan dago; beraz, pisua partekatzea halabeharrezkoa da.

ALOKAIRU GARESTIAK

Iñaki Arriola Lakuako Etxebizitza sailburuak esan zuen elkarrizketa batean, pisua topatu ez badugu, behar bezala bilatu ez dugulako dela, eta 800 eurotik beherako errenta duten pisu asko dela merkatuan. «Martxan duten Gaztelagun programaren topea 800 eurokoa delako dio hori. Hau da, 800 euroko errenta ordaintzen bada, laguntzaren barruan sartuko zara, baina hortik gora ez. Kexa asko dago Donostian 800 eurotik behera dagoen alokairua aurkitzea oso zaila delako», argitu zuen arkitektoak, eta datu zehatzak eman zituen: «EAEn batez besteko eskaintza 1.017 eurokoa da. Araban 782 eurokoa, Bizkaian 1.081 eurokoa eta Gipuzkoan 1.132 eurokoa. Hiriburuetan egoera latzagoa da, noski». Datuei begirada bat botaz ikus daiteke alokairuak gazteen soldatak baino zortzi aldiz gehiago igo direla 2018ko krisialditik.

Askotan hipoteka alokairua baino merkeago ateratzen da, baina hipoteka lortu ahal izateko aurrezki poltsatxoa izatea beharrezkoa da, eta baldintza batzuk bete behar dira, tartean kontratu zehatz bat, gaur egun erraza ez dena.

Arkitektoaren ustez, soluzioa izan beharko luke etxebizitza publikoaren eskaintza nabarmenki haztea. «Hamar aldiz biderkatu beharko litzateke etxebizitza publikoan egiten den inbertsioa, eta ez du ematen aurrekontuek halako aldaketarik izango dutenik».

Era berean, iruditzen zaio alokairuen prezioak arautu eta etxebizitza hutsa mobilizatu egin beharko litzatekeela. «Dekretu bat sortu zen horretarako, baina udaletxeetarako tresna bat zen kanon bat aplikatu ziezaieten etxe hutsen jabeei, gehiago komeni izateko etxeak alokairuan jartzea tarifa hori ordaintzea baino. Dekretuak eskatzen zuen etxebizitza alokairuan jartzea; beraz, batzuek aurkitu zuten horri ihes egiteko modua: 2.000 eurotan eskaini dezakezu kanona ez ordaintzeko; eta, hartara, praktikan ez dago merkatuan. Bestalde, tresna derrigorrezkoa ez zenez, udal askok ez zuten martxan jarri».

Alokairuen prezioen mugari dagokionez, espekulatzaile txikien kulturari aipamena egin zion: «Arazo espekulatzailea dela diogu, baina pentsa dezagun gure inguruan zenbatek erosi duen etxebizitza bat alokatu eta kobratutakoarekin hipoteka ordaintzeko, inbertsio bezala. Izugarri normalizatuta dugu hori, zilegi iruditzen zaigu. Batzuk ez dira kontziente euren herria aldatzen ari direla», aldarrikatu zuen.

Orain, arazoaz ohartuta, udaletxe asko laguntzak ematen ari dira. Baina, laguntzak eman arren, alokairuen prezioei mugak ez bazaizkie jartzen «poltsiko pribatuetara joaten dira. Diru galdu bat da», arkitektoaren iritziz.

«Belaunaldi honek beti entzun izan du aurrena ikasi behar dela, eta gero gizarteak ordaina emango digula. Eta orain ikusten ari gara berdin duela, errealitate gordina dela ezin dugula bizitza autonomoa hasteko pausoa eman», zioen gonbidatuak, ikasketak luzatzeko dagoen joerari buruz.

TESTIGANTZAK

Instituzioen aldetik egoera aldatzeko apustu seriorik ikusten ez dela-eta, irratiko kazetariek pentsatu zuten agian irtenbidea gizartearen batzetik etorri daitekela, indarrak batuz, hutsik dauden etxebizitzak erosi eta alokairuan jarriz, prezio egoki batean, independizatu nahi duten pertsona guztiek aukera hori izan dezaten.

Arazoa erreala dela islatzeko, entzuleen testigantza batzuk erakutsi zituzten: «Unibertsitatean ikasten nabil, eta nire denbora librean lana egiten saiatzen naiz dirua lortzeko, nire eguneroko gastuei aurre egiteko gurasoen laguntzarik gabe. Gurasoen etxean bizi naiz eta oraindik ez dut emantzipatzean pentsatu, une honetan ezinezko ikusten dudalako. Etorkizunari begira, nahi baino urrutiago ikusten dut», zioen entzule batek.

Beste batek izan duen zortea nabarmendu zuen, jakinda bere egoera ez dela ohikoa: «Dagoeneko hamar urte pasatu dira, Donostian, lehen aldiz etxetik joan nintzenetik, alokairuan eta lagunekin etxebizitza partekatuz. Zorte handia izan genuen, bitartekari baten ondorioz lortu genuelako etxea, eta prezioa zein etxearen ezaugarriak oso onak ziren. Baina uste dut azken urte hauetan gauzak asko aldatu direla, batik bat prezioak asko igo dira eta. Lehen, etxebizitza horretan ez, beste batzuetan bizi izan nintzen, eta prezioek ia 400 euro gora egin dute, eta etxearen ezaugarriak okerragoak izanik».

«Duela lau urte amaitu nituen ikasketak», zioen beste batek; «eta pare bat urtetan lanean egon arren, orain denbora dezente daramat lanik batere egin gabe. Independizatzea da nire nahia, baina horrek lan egonkor bat izatea eskatzen du, eta irakaskuntzaren munduan -bere alorrean- hori lortzea zaila da», zioen, etorkizun hurbil batean etxetik alde egiteko aukera errealik ezin ikusirik.