Ritxi AIZPURU
Musika argitaratzailea

Musikaren tartak

David Byrne musikariak 2012an argitaratu zuen “How music works” liburuan aipatzen du Steven Pinker zientzialari kognitiboaren musikaren definizioa: «Musika entzumenezko gazta-tarta da». Gizaki guztiek ez dute maite gazta-tarta, baina bi osagai erakargarri ditu pertsonarentzat, zapore gozoa (azukrea) eta animalia-koipea (esnekia). Gure garuna harkorra da aurkezten dizkiogun gaien ezaugarriekiko. Musikak sintetizatu eta laburbiltzen ditu hainbat estimulu oroitarazle, baina gerta daiteke gure barnean eboluzioa, eta horrek gustuak aldatzera eraman gaitzake. Lehen indarrean zegoen estimulu atsegina aldatu eta beste batzuetara egokitu daiteke.

Musikak osagai anitz ditu garuna “kolonizatu” eta txundiarazteko ere. Musikak eta doinuek dantzan jartzen dituzte sentsazioak. Euforia eta alaitasuna zabaltzen omen dute. Baina horrela izan al da mendez mende? Musikarik gabeko triburik ez dago. Gizakiak betidanik disfrutatu du kantuekin. Irratirik ez zegoenean, kantuak ahoz aho pasatzen ziren. Musikaren transmisio kulturala herri xumeari esker egin da, herriko abestietan agertzen dira herrialdearen historiaren hainbat pasarte, baina elite txiki batena izan da musika klasikoa, batez ere XV. mendetik aurrera. Finkerren teoria hankaz gora jarri dutenak ere badira, gazta-tartaren erakargarritasunarekin ados dira; ez ordea musikaren atalarekin. Hurrengoan tarta gehiago.