Iker IBARLUZEA
Metereologoa
AZKEN PUNTUA

Antzerki hutsa

Joan den igandetik, Kairo hirian elkarturik daude mundu osoko goi agintari eta zientzialari andana, klima larrialdiaren inguruan hitz egiteko eta neurriak hartu ahal izateko. COP27 deituriko goi-bilera.

Gaizki hasi da gauza, agintariek beraiek 400 jet pribatu erabili badituzte Kairora bertara iristeko. Beraiek izan beharko lukete lehenak itxura ona ematen eta eredua ematen. Nik, ordea, antzezpen bateko antzezle soil moduan ikusten ditut.

Urteak aurrera doaz, Kyotoko protokoloa edo Parisko hitzarmena bete gabe uzten ari dira eta, bien bitartean, klima aldatzen doa, inolako etenik gabe. Batez besteko tenperaturak igotzeaz gain, muturreko fenomenoak ugaritzen doaz eta milaka eta milaka pertsona gosez eta bizirauteko inolako modurik gabe hiltzen ari dira.

Guzti honen atzean interes ekonomiko handiak daude. Nola jaitsiko dute ba karbono isuria, potentzia handienak diren herrialdeek? Horrek garapen ekonomikoa motelduko luke, eta beraien nagusitasuna kolokan jarri.

Beraz, zertara dator goi-bilera hau? Ezertara ez. Sare sozialetan modan dagoen “postureo” soila elikatzeko eta munduaren aurrean itxurak egiteko. Utz diezaiotela txotxongiloarena egiteari eta has daitezela benetan neurriak hartzen, beranduegi izan aurretik.