Imanol CARRILLO
PILOTA

Aitor Elordik kaiolako txapelketa bikain biribildu du eta esperoan geratuko da

Mallabiko pilotariak hirugarren amaitu du, etxean Peio Etxeberriari abiadura handiko partidan irabazi ostean. Bi pilotariek ziurtatuta dute 2023ko txapelketako final-laurdenetako ligaxka, eta Elordik igandeko finala jokatzea, behar izanez gero.

Aitor Elordi, abiadura handiko partida batean, pilota gogor astintzeko prest.
Aitor Elordi, abiadura handiko partida batean, pilota gogor astintzeko prest. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Aitor Elordik edonork nahiko lukeen amaiera eman zion atzo aurtengo Lau eta Erdiko txapelketari, etxeko pilotalekuan -omenaldi xumea jaso zuen lehia hasi aurretik-. Ez zuen txapela jantzi. Sari preziatu hori irabazteko Jokin Altunak eta Joseba Ezkurdiak «merezimendu osoz» lortu dute aukera, adierazi zuen mallabitarrak atzoko partida amaitutakoan. Baina hirugarren amaitzeak beste sari mota baterako aukera eman dio.

Alde batetik, bai Elordik eta bai Peio Etxeberriak berak ere datorren urteko kaiolako txapelketan final-laurdenetako ligaxka jokatzeko txartela dute jada. Bestetik, mallabitarraren kasuan, datorren igandeko finalaren ostean podiumean egongo da Altuna eta Ezkurdiarekin batera. Eta azkenik, hauetako batek min hartuko balu hitzordu garrantzitsuaren aurretik, finala jokatzeko aukera izango luke Elordik.

ABIADURA ETA EMOZIO HANDIA HASIERATIK

Baina horiek denak espekulazioak besterik ez dira. Ez zuten, ordea, espekulatu atzoko lehian. Egia da, hori bai, lehen sakea nori dagokion aukeratzeko garaian, txapak lehen emozioa jarri zuela. Epaileek lurrera botatzerakoan, bueltak eman eta urdina aterako zela uste zenean, gorri atera zen. Elordiren lehen ‘garaipena’.

Hortik aurrera, bai gorriz jantzitako pilotariak eta bai Peio Etxeberriak sekulako erakustaldia eskaini zuten. Abiadura eta intentsitate handiko neurketa eskaini zuten partidaren lehen zatian gehienbat. Bertan, korrikaldi eta tanto eder ugari ikusi ahal izan ziren, bakoitzak bere barietatea eta maila agerian utziz.

Hutsik ez zuten euren fitxa pertsonalean, baina dena aldatu zen nahitaezko lehenengo atsedenalditik bueltan. Zenotzeko aurrelaria zen aurretik (9-12), baina beherakada nabarmena izan zuen Aspekoak, eta Elordik inork bezain ongi aprobetxatu zuen egoera. Ziztu bizi batean, 11-0ko partzial bat lortu zuen, batez ere Peio Etxeberriak egindako huts ugariengatik.

Nafarrak zortzi hutsekin amaitu zuen partida, eta denak lehiako zati horretan egin zituen. Bestalde, Aitor Elordik ondo behartu zituen egoera asko. Izan ere, ikusita Etxeberria bikain ari zela sake guztiei erantzuten, lehen pilotakada zabalera bidaltzea probatu zuen zenbait alditan.

Zenotzekoak ondo erantzuten jarraitu zuen, baina hurrengo kolpeetan, partidaren lehen zatian ez bezala, ez zuen asmatu. Arraroa bada ere, dena bere alde zuela, huts nabarmen franko egin zituen Peiok, eta hor ihes egin zion garaipenak eta Lau eta Erdiko hirugarren postuak.

PEIOREN SUSPERTZEA

18-12koa Elordiren ezker gantxo zoragarri bat izan zen, eta horrekin bigarren atseden luzera joan ziren. Bueltan, Peiok bere azken hutsa egin zuen, jokoan egindako pasa batekin, eta Elordik 20-12koa ezarri zuen markagailuan. Baina gauzak aldatu egin ziren berriro ere. Peio Etxeberriak txanda hartu eta 20-18 ipini zen, urduritasuna aurkariari pasatuz.

Hortxe amaitu ziren bere ilusio guztiak, hurrengo tantoan, polemika pixka batekin, pilota kanpoan ikusi baitzuen Zenotzekoak. Aitor Elordik 21-18koa egin eta hurrengoan, sakez, neurketari eta txapelketari amaiera eman zion.