Haritz LARRAÑAGA
ITSASOA

Olatu handietako sariketen itxaronaldi epea bihartik apirilera luzatuko da

Olatu handietako surf lehiaketak egiteko itxaronaldi epea azaroaren 15etik martzoaren 31ra luzatuko da. Munduko bi txapelketa izango dira, bata Portugalen eta bestea Hawaiin. Getariako Parlementia urautsian ere norgehiagoka berri bat egingo da.

Carlos Burle, Nazareko olatu erraldoi batean.
Carlos Burle, Nazareko olatu erraldoi batean. (Francisco LEON)

Olatu handietako surf denboraldi berrian munduko bi txapelketa baino ez dira izango WSL zirkuituan, bata Portugalgo Nazare urautsian eta bestea Hawaiiko Maui uhartean dagoen Pe’ahi urautsian. Kontuak honela, “Tudor Tow Surfing Challenge” eta “Quiksilver Jaws Big Wave Challenge” lehiaketak egiteko itxaronaldi epea azaroaren 15ean irekiko da eta gehienez martxoaren 31ra arte luzatuko da.

Itxaronaldi epe berbera izango du Bidarte eta Getaria artean lehen aldiz egingo den olatu handietako surf txapelketak. Pasatu den astean aurkeztu zuten datorren neguan burutuko den sariketa, eta ikusmin handia sortu du.

Urtero Getxoko Galea lurmuturrean egiten den olatu handietako surf txapelketaren antzekoa izango da Lapurdin egingo dutena. Alegia txapelketa formatua, lehiakide kopurua, txandak antolatzeko modua eta puntuazio irizpideak oso antzekoak izango dira, eta ez da mundu mailako WSL itzulirako puntuagarria izango. Soilik gonbidatutako surflariak lehiatu ahal izango dira eta gonbidatuen artean Euskal Herri osoko surflariak daude.

Jaws (Pe’ahi) eta Nazare Bigarren urtez jarraian WSL erakundeak olatu handien 2022/2023 denboraldirako soilik bi lehiaketa iragarri ditu eta, biak ipar hemisferioan kokatuak direnez, itxaronaldi epea negu sasoi osoan luzatuko da, azaroaren 15etik martxoaren 31ra.

Badirudi hego hemisferioan egiten ziren olatu handietako txapelketak zein ipar hemisferioan egiten ziren beste zenbait sariketa, itzulitik kanpo geratuko direla eta aurtengo zirkuitua soilik bi lehiaketek osatuko dutela.

Bi txapelketa bakarrik izango dira, bata Portugalen eta bestea Hawaiin, baina norgehiagoka hauek ere beraien artean ezberdinak izango dira, bata Tow-in (uretako motoekin bultzatutako surfa) modalitatea izango baita, eta bestea surflariek soilik haien besoen indarrarekin arraun eginez olatuak hartzekoa izango da.

Iaz bezala Nazareko txapelketa izango da uretako motoen laguntzarekin egingo dutena, eta formatua ere mantenduko da. 2021eko sariketan 18 lehiakide izan ziren; hau da, bederatzi bikote. Izan ere, olatuak uretako motoaren laguntzaz hartzeko txapelketa izaki, ezinbestean binaka lehiatu beharra dago. Hiru txandaz osatutako bi erronda egin ziren; alegia, bi bider itsasoratu ziren surflariak, eta txanda bakoitzean 50 minutu izan zituzten bikoteek txandaka aritzeko.

Lehiakide bakoitzak olatu gainean egindakoa puntuatzen dute epaileek, baina amaieran surflari bakoitzaren bi olatu onenak hartzen dira kontuan, eta olatu onenari balio bikoitza ematen zaio.

Bikoteak osatzeko ez dago irizpide zehatzik; taldeak herrialde ezberdinetako surflariekin osa daitezke, eta baita genero diferenteko surflariekin ere.

Hawaiiko Pe’ahi urautsian (Jaws izengoitiarekin ezagunagoa) egiten den olatu handietako surf txapelketak, ostera, ohiko lehiaketa baten antz handiagoa du. Munduko olatu handien txapelketa bat egiteko gutxienez 30 oineko altuera (9 metro) izan behar dute olatuek, eta baldintza horiek bermatzeko aukerak handiak direnean lehiakide guztiak bildu eta norgehiagoka egun bakar batean jokatzen da.

Bereizgarri gisara aipa daiteke sei lehiakidez osatutako txandak izaten direla eta txanda bakoitza ordubetekoa izan daitekeela, baldintzen arabera. Horrelakoa izango da Getarian egingo den lehiaketa ere.

Parlementia Getaria eta Bidarte artean dagoen urautsia olatu handiak hartzeko Euskal Herriko hoberenetakoa da. Edozein tamainako olatuekin surf egin daiteke bertan, eta gainera edozein itsasaldirekin funtzionatzen du, itsasgoran zein itsasbeheran. Surf txapelketa bat egiteko leku bikaina da.

Olatuak handiegiak direnean ordea, korronte bortitzak izaten dira eta leku arriskutsua izan daiteke. Ezker-eskuin lehertzen den olatua da, baina batez ere eskuin aldera jotzen dute surflariek, urautsiaren mendebaldean dagoen ubidean ez baita olaturik lehertzen, eta urautsira itzultzeko eremu seguru eta egokia baita.

Quiksilver eta Group Clima dira babesle nagusiak, baina Pirinio Atlantikoetako departamenduaren babesa ere izango dute. Orain arte Landetan bakarrik egin da olatu handietako surf txapelketa, hango departamenduak antolatuta; hortaz, Lapurdin gauza bera egitea erabaki dute.

Guztira 40 lehiakide izango dira, 28 surflari “Club 64” taldekoak, beste hamar Landetakoak edo Hego Euskal Herrikoak, eta beste bi gonbidatu.

Txapelketaren aurkezpenean izan ziren Peio Lizarazu edo Mathieu Etxebarne surflari lapurtarrek aditzera eman zutenez, Adur Amatrian eta Aritz Aranburu zarauztarrekin batera Natxo Gonzalez getxoztarra ere gonbidatuen zerrendan aurkitzen da, eta are jende gehiago gonbidatu behar dute laster.