Surflari ernegatua

Zur eta lur

Neguko lehen itsaski handi eta garbia sartu zen azaroaren zazpian Euskal Herriko hegian, eta surflari ausartenek haien esperientzia proban jartzeko baliatu zuten. Gero eta gehiago dira olatu handietan aritzen diren surflariak eta gehienak oso ongi prestatuak dira, baina azken itsaski honen ostean egiaztatu izan den datu esanguratsuena zera da, urte gutxitan olatu handietan surf egiteko modua eta maila izugarri hobetu direla. Adibidez, horren adierazle da duela gutxi arte ezinezkoak ziruditen tuboak egiten dituztela egun surflariek Izuztarrin. Irudiak zinez ikusgarriak dira.

Olatu handietan surf egiten aitzindaria den surflari bati entzun nion esaten beretzat olatu handietan surf egiteko modua erabat aldatu zela Tow-in egin ostean. Uretako moto baten laguntzarekin olatu handietan surf egin ostean, berriz ere arraun egiten olatuak hartzera itzuli zen, baina olatu gainean lehen baino askoz ere hobeto surf egiten zuela ohartu omen zen: «Tow-in egin aitzin, arraun eginda hartutako olatuak jaistera mugatzen ginen, baina Tow-in egin ostean buruan aldaketa bat gertatzen da, eta hortik aurrera olatu handi bat hartzen duzuenean uretako moto batek bultza balizu bezala aritzen zara, lehen saiatuko ez zinen ariketak egiten».

Azken urteetan egin den urratsa harago doa. Inoiz Tow-in egin ez duten surflariengan ere eragina izan du olatu handietan surf egiteko modu horrek. Aitzindariek egin zituzten lehen urratsak, eta ondorengoek gertutik jarraitu dute haien lorratza. Maila orokorra izugarri igo da.

Gure begiek buruari igortzen dioten informazioa prozesatzeko modua bitxia da. Bi edo hiru egunez olatu handiak ikusten egon ostean, begia ohitu egiten da, eta lehen egunean handiak ziruditen olatuek ez dute hainbeste inpresionatzen. Horregatik sarri gertatzen zaigu surflarioi, itsaski bat indarra galtzen hasten denean itsasoratu eta uste genuena baino olatu handiagoekin topo egitea. Halakoetan gure barrenerako behin eta berriz errepikatzen dugun galdera da: «Zer arraio egiten dut nik hemen?».

Aitzitik, itsasoratu garenerako, gure mugen marrak apur bat gora egin du, horixe bera da maila orokorrarekin gertatzen dena. Gure begiek ikusten dutena ohiko bilakatzen denean, gure buruak prozesatzen duena maila bat gorago kokatzen da. Baina komeni da batzuetan atzerako ispiluari begiratzea. Merezi duen ariketa da, begira itzazue duela hamar urteko olatu handietako irudiak eta alderatu gaurkoekin: zur eta lur geratuko zarete.